Politika -
Profila
Yolanda Barcina, jauzi gutxitan militantziatik presidentetzara
2000. urtean afiliatu zen UPN alderdian, 2006an alderdi erregionalistako presidenteorde izendatu zuten eta 2009az geroztik da UPNko presidente.
Erredakzioa
Yolanda Barcina (Burgos, 1960) 2000. urtean afiliatu zen UPNn, eta ordudanik alderdiaren barruan koskak igotzen joan da.
Miguel Sanzen eskutik sartu zen Yolanda Barcina politikan. 1996an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan zuen lana utzi zuen, eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko kontseilari izatera pasatu zen. Ondoren, Miguel Sanzek bultzatuta Iruñeko alkate izan zen 1999 eta 2011 bitartean.
Emaitza oso onak lortu zituen udal hauteskundeetan, eta hiru legegintzaldi egin zituen alkate gisa. Bere arrakasta UPNren baitan ere islatu da, izan ere, oso urte gutxiren buruan alderdiaren buru izatea lortu zuen: 2000. urtean afiliatu zen alderdian, 2001. urtean zuzendaritzan sartu zen, 2006an alderdi erregionalistako presidenteorde izendatu zuten, eta 2009az geroztik da presidente.
Alderdiaren baitan hain azkar gora egin izanak susmoak sortu zituen UPNko militanteen artean, baina alderdikideak baretzea lortu zuen Miguel Sanzek.
Bi urtean bi agintari izan zituen UPN alderdiak: Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea zen, eta Yolanda Barcina, alderdiko presidentea. Egoera hori zela eta, hainbat liskar sortu ziren bien artean, eta Barcinak PPrekin ituna berreskuratu izana mugarri izan zen bien arteko harremanean.
2011ko udal hauteskundeetan UPN izan zen alderdi bozkatuena, baina gehiengorik ez zuenez, PSNrekin gobernu koalizioa sinatu zuen. UPN-PSN koalizioaren gobernua, ordea, urtebete baino lehenago hautsi zen. Geroztik, gutxiengoan gobernatu du.
Une gaziak gozoak baino gehiago izan ditu 2012ko udazkenaz geroztik. Nafarroako Kutxako dieten gaineko lehen informazioak irailean kaleratu ziren. Legez behartuta jasotzen zituela esan zuen lehendabizi, justifikatu egin zituen gero, eta barkamena eskatu eta dirua itzuli zuen azkenean.
Gainera, legegintzaldi honetan, Yolanda Barcinak 2013ko apirilean EH Bilduk aurkeztutako zentsura-mozioa gainditu du, Nafarroan Frankismotik aurkeztu den lehenengo zentsura-mozioa. Ekimenak ez zuen aurrera egin, sozialistek uko egin baitzioten koalizio abertzalea babesteari.
Aurten, otsailean, PSNk beste zentsura-mozio bat aurkeztuko zuela iragarri zuen, baina PSOEren zuzendaritza federalak geldiarazi egin zuen, Bilduren botoak beharrezkoak zirelako ekimenak aurrera egin zezan.
Oztopo horiek gaindituta, Yolanda Barcinak legegintzaldi amaierara iristeko aukera bermatu zuen, eta abuztuan iragarri zuen berriro presidente izateko hautagai izango zela.
Atzo, ordea, ezusteko erabakiaren berri eman zuen, politikako lehenengo lerroa alde batera uztea eta presidentetzarako hautagai ez izatea erabaki duela esanda.