Politika -

Kartzela-politika

'Parot doktrina' indargabetuz gero, kaltetuak askatzeko eskatu du EAJk

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak martxoaren 20an emango du horren gaineko epaia.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak Mariano Rajoyren Gobernuari eskatu dio askatu ditzala 'Parot doktrina' ezarri dieten presoak, baldin eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak legez kanpokoa dela erabakitzen badu martxoaren 20an

Azken egunotan, Espainiako Gobernuko ordezkariek esan dutenez 'Parot doktrina' indargabetuta kriminal arriskutsuak libre geldituko dira. Adierazpen horien harira, esan du popularrak abilak direla alarma soziala sortzen. Gaineratu duenez, bidegabekeriak daudenean ere sortzen da alarma soziala.

Jeltzalearen iritziz, "garrantzitsua" litzateke Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina' indargabetzea. Horren ustez, "normalizazioa lortzeko eta bakegintzan aurrera egiteko urrats garrantzitsua izango litzateke".

"Alderdi Popularrak Auzitegiaren erabakia errespetatuko duela espero dut, eta horren araberako neurriak hartuko dituela. Hainbat preso aske utzi behar baditu, egin dezala lehenbailehen", adierazi du Itsaso Atutxak Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean.

Alderdi Popularraren "presioak"

Atutxaren esanetan, Alderdi Popularra Europari presioa egiten ari da 'Parot doktrina' bertan behera gelditu ez dadin, zurrumurruen arabera. "Zorionez auzitegiak independenteak dira, eta kasu honetan beren independentzia erakutsiko dute, presioen gainetik", gaineratu du.

Bakerako lantaldea

BBBko presidenteak lotsagarritzat jo du PPk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean izan zuten eztabaida. Horren ondorioz, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak bakerako lantaldearen eraketa atzeratu egin zuen.

Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak Fernando Buesaren hilketak jatorri politikoa zuela esan zuen, eta adierazpenok lotsagarriak eta onartezinak izan zirela iritzi dio Atutxak. Horren ustez, ezker abertzalea ez da ausartzen hiltzea gaizki egon dela esaten.

Oztopoak oztopo bakerako lantaldea abian jarriko dela espero du Itsaso Atutxak. Horren arabera, Arantza Quirogak ere jarrera lotsagarria izan zuen Legebiltzarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea