Politika -

Kontrolerako saioa

Legebiltzarrak ez diola ETAri zilegitasunik emango esan du Urkulluk

Euskadiren "erronka nagusia bakea eta bizikidetza" direla adierazi du lehendakariak eta bide horretan lan egiteko Eusko Legebiltzarra "aktibatzeko" eskatu dio PPri.

Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarrean. EITB
Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarrean. EITB
Urkullu: 'Legebiltzarrak ez dio ETAri zilegitasunik emango'

1:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu duenez, ez berak, ez Jaurlaritzak ezta Legebiltzarrak ere ez diote "inoiz" ETAri zilegitasunik emango eta "Euskadiren etorkizuna Eusko Legebiltzarrean ikusi eta erabaki" behar dela azpimarratu du.

Hori dela eta, PPri Eusko Legebiltzarra "aktibatzeko" eskatu dio "bakea eta bizikidetza herri honen erronka nagusiak baitira", azpimarratu du. "Legebiltzarrean denak gaude ordezkatuta, eta aurrera egin ahal dugu eta egin behar dugu", nabarmendu du lehendakariak.

Urkulluk Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren kontrolerako saioan, egin ditu adierazpen horiek Antonio Basagoitiren (PP) galdera bati erantzunez.

ETAren indarkeriaren amaieraren aurrean nazioarteko hizlariek parte hartzen duten foroen inguruan zein iritzi duen emateko eskatu dio Basagoitik lehendakariari, euskal popularren liderraren ustez, foro horiek ETAri "zilegitasuna" ematen diote.

Urkulluk ez duela "ETAri zilegitasuna eman nahi dion kontakizuna sortzen duen inolako forotan parte hartu ezta parte hartuko ere" adierazi du eta elkarbizikidetza "Eusko Legebiltzarrean adosten diren erabakiekin eraikitzea nahitaezkoa" dela gaineratu du. "Gure ardura bakean eta bizikidetzan oinarritutako Euskadi berri bat eraikitzea da", esan du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta hori, Legebiltzarra ez den beste foro batek ez duela erabakiko erantsi du.

Hala, "beste foro batzuei begira denbora ez galtzea eskatzen dizut, nire ibilbidea ezagutzen duzu eta giza eskubideen gainean behin eta berriro azaldu dudan konpromisoa ikustea nahi dut", azaldu du.

Hezkuntza

Iñigo Urkullu lehendakariak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren proiektua "erabat errefusatzen" duela adierazi du eta hezkuntzaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoarenak diren eskumenak zapalduz gero, Jaurlaritzak erretiratzeko eskatuko duela azpimarratu du.

Urkulluk Isaben Celaa PSE-EEko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpen horiek. Celaak, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Hezkuntza Ministerioaren politikaren aurrean emandako erantzuna "oso ahula" izan dela aurpegiratu die jelltzaleei eta lehendakariari euskal eskuduntzak babesteko "eskaeren aurrean" jartzeko eskatu dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea