Politika -
Lokarri eta Bake Bidea
Bake-prozesu 'luzea' izango dela iragarri du foro sozialak
Politikariek, herritarrek eta nazioarteko adituek bakea bultzatzeko foroan parte hartu dute. "Desarmatze prozesu bat epe laburrera gertatuko denik ez du ematen", esan dute.
Erredakzioa
Politikariek, herritarrek eta nazioarteko adituek bakea bultzatzeko foroan parte hartu dute gaur. Foroa Bake Bidea eta Lokarri elkarteek antolatu dute. Mark Freeman abokatuaren hitzetan, bidea "nahiko luzea" izango da.
Une honetan "desarmatze prozesu antolatu bat epe laburrera gertatuko denik ez du ematen", adierazi du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak Iruñean, foroa hasi baino lehen. Konferentzia ostiral honetan, Bilbon, amaituko da.
"ETAk ez du desarmatzea martxan jartzeko pausorik eman, eta momentuz Gobernuak ez du harremanik izan nahi", erantsi du Riosek. Koordinatzailearen ahotan, egoera honen aurrean "sortzaileak izaten hasi behar gara".
Horregatik, Iruñean 300 pertsona bildu dituzte, besteak beste, Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusia, Patxi Zabaleta, Pello Urizar, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria eta Txelui Moreno politikari abertzaleak. Era berean, Brian Currin Hegoafrikako abokatuak parte hartu du.
EPPK presoen kolektiboko bitartekarien talde bat bertan izan da. Presoek Espainiako eta Frantziako erakundeei baimen berezi batzuk eskatu dizkiete, baina agintariek ezezkoa eman diete.