Politika -
2013-ko aurrekontuak
Aldaketarik ezean, oposizioak ez ditu EAEko Aurrekontuak babestuko
EH Bilduren esanetan, diru-sarrerak handitzeko "alternatibak egon badaude". PSEk, PPk eta UPyDk osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte, "Jaurlaritza oposizioari entzuteko gai ez bada".
Erredakzioa
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak esan du Jaurlaritzak ez duela alderdirik lehenetsi EAEko Aurrekontuei buruzko akordioa lortzeko. Areago, talde guztiek egindako ekarpenak aintzat hartuko dituztela esan du.
Ildo horretan, Aurrekontuak onartuko direla uste du, alderdi guztiak bat datozelako oinarrian, besteak beste, gizarte-gaiak babestearen alde egiterakoan.
EH Bildu
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak Jaurlaritzaren Aurrekontuak kritikatu ditu, "miseria zabaltzea" ekarriko duelako. Mintegik balentriaz jokatzeko eskatu dio Urkulluri, "alternatibak egon badaudelako".
"Badago irtenbidea. Gastuari bakarrik begiratu beharrean, diru-sarrerei begiratu behar zaie. Fiskalitatearen eztabaidan balentriaz jokatu behar da eta sarrerak handitzea eragingo duen neurriak hartu. Horrela, krisi honi aurre egiteko Aurrekontu duina posible izango da", azaldu du.
Kazetarien galderak erantzunez, Mintegik ez du argitu EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko duen ala ez.
PSE
Jose Antonio Pastorrek esan du Jaurlaritzak ezin diola Alderdi Sozialistari "erantzukizuna" eskatu. "Aurrekontu horiek euskal gizartea odolustuko dute, Rajoyren murrizketak bere horretan aplikatzea suposatzen baitute", kritikatu du.
PSEk negoziaziorako atea irekita mantentzen duela berretsi ostean, baikortasunerako arrazoirik ez dagoela ohartarazi du. "Osoko zuzenketa bat aurkezteko aukerak atzo bezain errealak dira gaur", azpimarratu du.
PP
Antonio Basagoitik uste du Jaurlaritzak "hobetzeko asko" duela Aurrekontuetan, PPren babesa edo abstentzioa izan lortu nahi baditu. Beraz, aldaketarik egin ezean, Alderdi Popularrak osoko zuzenketa aurkeztu beharko lukeela adierazi du.
ETBn egindako elkarrizketan, Basagoitik esan du erantzukizuna Iñigo Urkulluren Gobernuarena dela. "Aurrekontuen proiektua erreformatzeko ahalegin gehiago egin behar dute, oposizioari entzun eta akordioetara heltzeko gai izan", azaldu du.
UPyD
Gorka Maneirok ere gogor kritikatu ditu Jaurlaritzaren Aurrekontuak. "Jarduera ekonomikoa suspertzeko eta enplegua sortzeko ez du balio; enplegurako politika aktiboak murrizten ditu, Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan, esate baterako".
Horrenbestez, EAJri "elkarrizketarako" deia luzatu eta UPyDren proposamen batzuk "bere egiteko" eskatu dio. "Horrela ez bada, osoko zuzenketa aurkeztu beharko dugu", ohartarazi du Maneirok.