Politika -

Epaiketa Bilbon

Aierdi eta Antolin: 'Deportatuei eskolak ematera behartuta geunden'

EHUko irakasleek azaldu dutenez, eurek tutoretza eman zieten ETAko deportatuei, baina ez zituzten horien matrikulak egin.

EHUko bi irakasleren aurkako epaiketa hasi da, Bilbon

1:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Zigor Arloko lehenengo zenbakiko Epaitegiak hasiera eman dio gaur goizean Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) bi irakasleren aurkako epaiketari. Prebarikazio delitua egotzi die Fiskaltzak, ETAko bi kide deportaturi unibertsitatean ikasteko baimena emateagatik.

Auzipetuak Enrique Antolin Gizarte Zientzien fakultateko errektoreorde ohia eta Xabier Aierdi presoen ikasketen tutorea dira.

Hain zuzen ere, Angel Lete Echaniz eta Belen Gonzalez Peñalva ETAko kideei eman ei zieten baimena EHUn ikasteko. Lehenengoa Cabo Verdera deportatu zuten, eta, bigarrena, Dominikar Errepublikara, baina, Fiskaltzaren esanetan, ez zeuden kartzelan, eta, beraz, ezin zieten presoentzako neurri bereziei heldu.

Bi irakasleek epailearen aurrean azaldu dutenez, eurek tutoretza eman zieten deportatuei, baina ez zuten horien matrikulak egin.

Horren ildotik, Gonzalez Peñalva eta Lete preso dauden eta eskolak jaso behar dituzten presoen zerrendan zeudela zehaztu dute. "Behartuta geunden eskolak ematera", nabarmendu dute.

Bestalde, Manuel Montero Kazetaritza fakultateko dekanoa izandakoak lekuko gisa deklaratu du, eta deportatuen matrikulazioak errektoretzak kudeatu zituela argudiatu du.

Horren esanetan, matrikulazio prozedura hori "gogaikarria" iruditzen zitzaion, baina "duela hainbat urtetatik" egiten zuten horrela.

Irakasleen babesa

Auzipetuak 09:30ean sartu dira Justizia Jauregian. Horiekin batera Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore ohia eta Carmelo Garitanoaindia Bizkaiko campuseko errektoreordea izan dira.

Kanpoaldean, 20 irakasle inguruk elkarretaratzea egin dute, auzipetuei babesa erakusteko.

EHUko 1.000tik gora irakaslek adierazpen bat sinatu dute auzipetuen alde.

Epaitegiaren kanpoaldean, bi irakasleek "eskolak ematea" baino ez dutela egin aldarrikatu du Goirizelaiak. Halaber, irakaskuntzaren "eskubidea eta betebeharra" bermatu egin behar direla gaineratu du.

Goirizelaiak eta Perez Iglesiasek auzia "erabateko astakeria" dela adierazi dute, eta irakasleek ETAko kideei eskolak emateko "eskubidea eta beharra" zutela nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea