Politika -
Eskandalua Nafarroan
Barcinak 6.500 euro jaso zituen dietatan, Vinsa enpresa publikoan
Nafarroako Gobernuko presidenteak Administrazio Kontseiluaren bileretara joan gabe kobratu zituen dietak.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak gutxienez 6.500 euro kobratu zituen dietatan, Vinsa enpresa publikoan, nahiz eta, bertako kide izanda ere, Administrazio Kontseiluko bileretara joan ez zen.
Diario de Noticias de Navarra egunkariak gaur publikatu duenez, Barcina ez zen joan 2009. urtean Vinsako Administrazio Kontseiluak egin zuen bilera bakarrera. Hala ere, 3.500 euro kobratu zituen. Garai horretan, Iruñeko alkatea zen.
2011. urtean ere uko egin zion beste bilera batera joateari, baina 3.000 euro jaso zituen.
Bilera horietan, Administrazio Kontseiluak kontu-ikuskaritzak eta aurreko urteko jarduerak aztertzen zituen. Batzordeko kide izanda, Barcinaren zeregin bakarra aurrekontuei oniritzia ematea zen, baina, egunkariaren arabera, bileretara joan ez zenez, baliteke txostenak irakurri ere ez izana.
Gaur egun, Vinsa enpresa ez da existitzen, eta Lurzoruaren eta Etxebizitzaren Elkartearen (Nasuvinsa) parte da.
CANeko dietak
Barcinak eta Nafarroako beste hainbat agintarik, Miguel Sanz presidente ohiak, kasu, Nafarroako Kutxan (CAN) ere jaso zituzten dieta bikoitzak eta hirukoitzak, bileretara joategatik baino ez.
Nafarroan piztu den polemika ikusita, itzuli egingo dituztela iragarri zuten atzo Barcinak eta Sanzek.
Enrique Maya Iruñeko alkateak, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak eta Ana Elizalde UPNko kideak ere itzuliko dituzte dietak. 114.000 euro dira, guztira.
Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiak ere berdin egingo du, Diario de Navarra egunkariaren arabera.
Oposizioko alderdiek dimititzea eskatu diote Barcinari, eta Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak gaur aztertuko du eskaera.
Halaber, Miguel Sanzek Parlamentuan azalpenak emango dituen ere jakingo da gaur.
Igandean, UPNko presidentetza jokoan
Testuinguru honetan, Barcinak jokoan izango du UPNko presidentetza igandean, alderdiak egingo duen batzarrean.
Bertan, Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko buruarekin lehiatuko da, alderdiaren buru izateko.