Politika -
Ekitaldia Donostian
Sortu: 'Pairatzen ari garen eredua da krisiaren jatorria'
Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako koordinatzaileak iragarri duenez, "kasino-ekonomian eta kapitalismo basatian oinarritutako ereduari aurre egingo dio Sortuk".
Erredakzioa
Joxean Agirrek zuzendutako Gipuzkoako Kontseilua aurkeztu du Sortuk Donostian igande honetan. Ekitaldian Agirrek salatu duenez, "krisiaren iturburua pairatzen ari garen eredua da", ondorioz, "kasino-ekonomian eta kapitalismo basatian oinarritutako ereduari aurre egingo dio Sortuk".
"Sortuk langileen eta etxegabetzeak pairatu dituztenen alde egingo du beti", azpimarratu du, "hau da, krisiaren kalteak gehien pairatu dituztenen alde, esaterako, arantzaleak, nekazariak, garraiolariak".
Agirrek adierazi duenez, ezker abertzaleko alderdi berriak "elite ekonomiko eta politikoen interesak baino, herritarren interesak defendatuko ditu, bidezkoagoa den beste eredu sozial eta ekonomiko posible delako".
Espetxe-politika
Halaber, espetxe-politikan aldaketa baten beharraz mintzatu da Agirre, "gatazka politikoaren irtenbidea lortzeko, ETAko presoek eta familiek horren ondorioak ari direlako jasaten".
"Ahalik eta lasterren dispertsioa eta mendekuan oinarritutako espetxe-politika amaitu behar dira, ETAko presoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko". Halaber, ETAko preso gaixoak aske uzteko eskatu du, Agirreren iritzian, Gipuzkoako gizartearen gehiengo batek ere hala nahi duelako.