Politika -
CAN
Barcinak eta Sanzek CANen kobratutako dieten dirua itzuliko dute
"Gizartean sortutako ondoeza" ulergarria dela aitortu dute UPNko politikariek. Hala ere, ordainketa guztiak zuzenak izan zirela uste dute.
Erredakzioa
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Miguel Sanz presidente ohiak Nafarroako Kutxako Erakunde Fundatzaileen Batzarrean eta Batzorde Iraunkorrean parte hartzeagatik kobratutako dieten dirua itzuliko dutela iragarri dute. Azken egunotan ika-mika piztu da Barcinak eta Sanzek egun bateko bilerengatik bi eta hiru dieta kobratu zituztela zabaldu ostean.
Yolanda Barcinak, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Jose Iribas eta Ana Elizalde UPNko politikariek sinatutako eskutitz bat argitaratu du 'Diario de Navarra' kazetak. Horiek aitortu dutenez, "gizartean sortutako haserrea" ulergarria da, baina ordainketa guztiak legezkoak izan zirela uste dute.
"Gaur egunetik ikusita zuzena ez den ekintza batengatik ezin da gure izena eta UPN alderdiaren izena zikindu", azaldu dute UPNko politikariek. Ondorioz, datozen egunetan CANetik jasotako dirua itzuli egingo dutela eta helburu sozialak dituzten elkarteei emango diotela iragarri dute.
'Estatutuek babestuta'
Miguel Sanz presidente ohiak azpimarratu duenez, kobratutako dietak Erakunde Fundatzaileen Batzarraren eta Batzorde Iraunkorraren "estatutuen araberakoak izan ziren". "Gezurrek eta akusazio faltsuek ezin dute nire eta nire familiaren izen ona lohitu". Ondorioz, kobratutako dietak CANeko Gizarte Ekintzako Fundazioari ematea erabaki du.
Kontuzen salaketa
Bestalde, CANeko Batzorde Iraunkorrean parte hartzeagatik Nafarroako presidenteak dieta bikoitza kobratu zuela salatu du Kontuz elkarteak. Horren arabera, Barcinak 3.434 euro jaso zituen 2011ko ekainaren 30ean, Iruñeko alkatetza utzi ostean eta Nafarroako Gobernuko presidente izendatu aurretik.
Halaber, 19 egunez Nafarroako Unibertsitate Publikoak soldata ordaindu ziola jakinarazi du Kontuzek, "unibertsitaterako lanik egin ez bazuen ere". "Ordainketa legezkoa izan arren, ez zen etikoa izan", salatu du elkarte horrek.