Politika -
Dieten ika-mika
Nafarroan irtenbidea hauteskundeak aurreratzea da, Geroa Bairen ustez
Uxue Barkosek esan duenez, Caja Navarran gertatutakoak argi utzi du Foru gobernuak Gobernu “nekatua, sinesgarritasunik gabekoa eta errealitateari aurrez aurre ipintzeko gaitasunik gabekoa” duela.
Erredakzioa
Uxue Barkos Geroa Bairen bozeramailearen iritziz, Nafarroako Kutxan gertaturikoak "agortutako eta sinesgarritasunik gabeko Gobernua dagoela" utzi du agerian. Hori dela eta, irtenbide bakarra hauteskundeak aurreratzea dela esan du.
Iruñean, alderdiaren batzarra egin aurretik, egun bakarrean Nafarroako Kutxan dieta bikoitzak eta hirukoitzak jasotzea "eskandalu politiko, ekonomiko, sozial, eta, batez ere, etikoa" dela esan du Barkosek.
Caja Navarrako Erakunde Fundatzaileen Juntaren Batzorde Iraunkorra bildu zen azken egunean, bi aldiz, ordu erdiz, 2011eko irailaren 26an, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak 5.360 euro jaso zituen, eta Miguel Sanz presidente ohiak, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiak eta Enrique Maya Iruñeko alkateak 3.434 euro jaso zituzten.
Bi egun geroago, esan du Bakosek, Nafarroako Gobernuak historiako "gastu murrizketarik handiena" iragarri zuen, udaletan, etxebitzietan eta lanpostu-planetan doikuntzak eginda, besteak beste.
"Moralik gabeko UPNren eta PSNren arteko joko horrek Parlamentuko gehiengoa inplikatzen" duela ziurtatu du Barkosek, horregatik, hauteskundeak aurreratzea beharrezkoa dela esan du. "Nafarroako Kutxaren dieta bikoitzen eta hirukoitzen auzi deitoragarri honetan nahasita dagoen UPN eta PSNren Gobernuarekin ezin dugu egun bakar bat gehiago ere pasatu", ondorioztatu du.