Politika -
EITB
Iturbek 'aldaketa dramatikorik gabeko kudeaketa' aurreratu du
EiTBren zuzendari nagusiaren lehentasunak euskarazko kanalak indartzea, albistegien "independentziari eustea" eta entretenimendu modu berriak topatzea izango dira.
Erredakzioa
Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak erakunde publikoaren kudeaketa "zorrotza" izango dela aurreratu du, aurreko legegintzaldietan baino "baliabide askoz gutxiago" izango dituztelako. Nolanahi ere, ez dela "aldaketa dramatikorik" egongo eta ez duela ezer "itxiko" gaineratu du.
Iturbek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, EAJren eta PSE-EEren babesarekin Ganberako osoko bilkurak EiTBren zuzendari nagusi izendatu eta gero.
Zuzendari berriak azaldu duenez, bere lehentasunak euskarazko kanalak indartzea, albistegiek "independenteak eta profesionalak" izaten jarraitzea eta entretenimendu modu berriak topatzea izango dira.
Iturbek ez du zehaztu EiTBren aurrekontua nola murriztuko duen, ezta nortzuk izendatuko dituen zuzendaritzan ere, informazio hori lehenik eta behin Administrazio Kontseiluari eman nahi diolako (astelehenean batzartuko da).
Hainbat zentro itxiko dituztela, kaleratzeak izango direla eta aurrekontuak % 20 arte murriztuko dutela dioten zurrumurruen aurrean, Iturbek ukatu egin du "itxierarik" egingo dutela, eta neurri "dramatikoak" hartzea ere baztertu du. "Murrizketak kudeatu egin beharko ditugu, eta aurrekontuak prestazten ari gara orain, baina ez da itxierarik izango", berretsi du.
Eguraldiaren mapa
Bestalde, eguraldiaren mapa "seguru aski" aldatu egingo dutela aurreratu du. Horren esanetan, mapa berria diseinatzeko "irizpide profesionalak eta artistikoak" izango dituzte oinarri.
Azken legegintzaldian, PSE-EE Lehendakaritzara iritsi eta gero, EiTBren zuzendaritza berriak eguraldiaren mapa aldatu zuen ETBn, Euskal Herriko mapan mugak jarri, eta EAE ezberdinduta ager zedin.