Politika -
Bakea eta bizikidetza
Jaurlaritzak uztailerako prest izango du 'sufrimenduaren mapa'
Jonan Fernandezek onartu du zaila izango dela bake eta bizikidetza alorretan akordio zabalak lortzea. Horregatik, alderdi politikoen arteko akordio txikiak bultzatuko ditu.
Erredakzioa
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak azaldu duenez, uda aurretik Bake eta Bizikidetza Egitasmoa osatuta egongo da. Uztailerako, bestalde, prest izango du azken 50 urteotako giza eskubideen urraketen eta sufrimenduen mapa. Fernandezen ustez, zaila izango da bake eta bizikidetza alorrean akordio zabalak lortzea, eta, horregatik, alderdi politikoen arteko akordio txikiak bultzatuko ditu.
Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak lehen agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, EAEn normalizazio politikoa eta bakea lortzeko bere lan ildoak zeintzuk izango diren azaltzeko. Aurreko asteetan, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin bilerak egin ditu.
Fernandezek iragarri duenez, uda aurretik osatuta egongo da Bake eta Bizikidetza Egitasmoaren lehen zirriborroa. Horren esanetan, bere idazkaritzaren helburua gizartea elkartzea izango da. Akordio zabalak lortzea zaila izango dela onartu du, eta horregatik akordio txikiak bultzatuko ditu iraganaz, orainaz eta geroaz.
Uztaila aurretik, azken 50 urteotako giza eskubideen urraketen eta sufrimenduaren mapa osatuta egongo da. Bertan, ETAren hilketak, Poliziak hildako biktimak eta bestelako hildakoak jasoko dituzte, Jonan Fernandezen arabera.
Jonan Fernandezek iraganarekiko autokritika egitea eskatu die guztiei. "Ez dut irabazle-galtzaile dikotomia horretan sinesten, biolentzia garaitu behar da, baina pertsonak integratu egin behar dira", gaineratu du.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak esan duenez, kritika asko jaso ditu Jonan Fernandezek, eta "presioa arintzeko" gatazkaren konpontzearekin zerikusirik ez duten baldintzak bere gain hartu ditu. Rodolfo Ares Alderdi Sozialistako legebiltzarkidea akordioetara heltzeko prest agertu da, eta helburu nagusia "ETA behin betiko desegitea da", nabarmendu du.
Jonan Fernandezen profila ez da ez Alderdi Popularraren ez UPyDren gustukoa, eta Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren egitasmoak gaur ere ez ditu konbentzitu.