Politika -
Guardia Zibila
Espainiak ez du EAEtik segurtasun-indarrak kentzea aurreikusten
Bestalde, Espainiako Barne ministroak esan du "ETAren desegiteak presoen birgizarteratzea erraztuko" lukeela.
Erredakzioa
Gobernuak ez du "inolaz ere Guardia Zibila eta Polizia Nazionala EAEtik kentzea aurreikusten", azpimarratu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Hala ere, ez du baztertu Segurtasun Batzordean auzi horri ekitea.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin bildu ostean hitz egin du Barne ministroak. Bileran, ETAk jarduera armatua utzi eta gero, Estatuko segurtasun-indarren presentzia Euskadik bizi duen errealitatera moldatzearen beharraz hitz egin dute.
"Elkarlanerako asmoz" eginiko bileran bi aldeek euren jarrerei eutsi diete. Ministroak irmotasunez esan du Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren presentzia "Espainia osoan" egongo dela, "Kataluniako eta EAEko berezitasunak errespetatuz".
Bi agintariek Segurtasun Batzordearen deialdia berretsi dute, baina "ez da segurtasun-indarrak kentzeaz hitz egiteko", zehaztu du ministroak, "koordinazioa hobetzeaz hitz egiteko baizik".
"ETAren desegiteak presoen birgizarteratzea erraztuko luke"
Bestalde, Barne ministroak esan du ETAren desegiteak "presoen birgizarteratzea erraztuko" lukeela eta "behin betiko ETAk desegitea erabakitzen duenean, denak irabazten aterako gara", gaineratu du.
Espetxe politikaren inguruan, legedia betetzea dakarrela esan du, nahiz eta "egoeren baitan, legeak badaki jarrera batzuen eta besteen artean ezberdintzen", onartu du.
Ildo horretan, "ez da berdina ETAk desegin nahi ez izatea eta 'zuzenetik ez bada, okerretik' egitea", esan du.
Jaurlaritzak ez du 'biderik ixten'
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ziurtatu duenez, Jaurlaritzak Euskadiko normalizazioa lortzeko lanean jarraituko du, eta horretarako, "ez du presoen birgizarteratzerako biderik itxiko".
"Ez dugu hori lortzeko biderik ixten, baina betiere zuhurtziaz jokatuz", esan du. "Isiltasuna diskrezioa da eta diskrezioa isiltasuna", nabarmendu du.