Politika -
CISen barometroa
Ustelkeriak eta iruzurrak gora egin dute herritarren kezken zerrendan
Barcenas auzia hedabideetan argitaratu eta gero, hiritarrek gehien aipatzen dituzten arazoetan bigarrena da. Langabezia da oraindik ere lehen kezka iturria.
Erredakzioa
Ustelkeriak eta iruzurrak nabarmen egin dute gora herritarren kezken zerrendan otsailean, CISek gaur kaleratutako azken barometroaren arabera. Orain, ustelkeria eta iruzurra dira herritarren bigarren kezka nagusia, lehen aldiz. Oraindik ere langabezia da, ordea, lehen kezka iturria % 80rentzat.
Otsailaren 4tik 12ra bitartean egin zuen CISek inkesta, Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren auzia pil-pilean zegoenean. Orduan, argitaratu zuten hedabideek PPko gainsoldaten gaineko informazioa.
Inkestan parte hartu dutenen % 40k jo dituzte ustelkeria eta iruzurra arazotzat. Urtarrilean egindako inkestan % 17,7k soilik aipatu zituzten horiek arazo gisa. 1995az geroztik iruzurrak eta ustelkeriak ez dute horren zifra handirik eman, orduan herritarren % 33,5ek aipatu zituzten horiek arazo gisa.
Arazo ekonomikoek eta politikariek ere kezka sortzen dute herritarren artean; hirugarren eta laugarren postuetan daude hurrenez hurren. 10etik 9k uste dute egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela, eta datorren urtea berdintsua edo okerragoa izango dela uste du gehiengoak, % 78k hain zuzen ere. Halaber, herritarren % 29,7k aipatu dituzte politikariak eta alderdi politikoak.
Osasunarekiko kezka jaitsi egin da puntu eta erdi, eta hezkuntzaren gainekoa, berriz, igo: % 5,8tik % 7,8ra. Aurreko hilabetean bezala, bankuak eta murrizketak daude kezka iturrien zerrendan zazpigarren eta zortzigarren tokian. Halaber, bi kasuetan herritarrek duela hilabete baino kezka gutxiago dute gai horiekin.