Politika -
Atzerapenak
AHTa egiteko lanak azkartzeko eskatu dio EAJk PPri
Aitor Estebanen arabera, ez da zilegi Gipuzkoako zatian lan-erritmoari eustea eta Mariano Rajoyren Gobernuaren esku dauden beste batzuetan jaistea.
Erredakzioa
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailea kezkatuta agertu da Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko lanen erritmoa % 30 jaitsi delako, eta erritmoa "azkartzeko" eskatu dio Alderdi Popularrari.
Estebanek iragarri duenez, AHTko lanak ez gelditzeko lan egingo du EAJk, baina azpiegitura hori egiteko ardura nagusia Espainiako Gobernuarena da. Lan-erritmoari dagokionez, lanei % 70ean eutsiko ziela esan zuen Gobernuak, baina "arazo ekonomikoak direla eta, erritmoa % 30era jaitsi da".
Halaber, Aitor Esteban kezkatuta dago AHTaren zati batzuen zirriborroa egiteko dagoelako oraindik; Gasteiz eta Burgos arteko tartearen lizitazioa egin gabe dagoela nabarmendu du. "Oraindik ez dute proiektua idatzi ere egin", gaineratu du.
EAJko diputatuaren iritziz, AHTa egiteko lanen erritmoa azkartu beharra dago azpiegitura guztiari zentzua emateko. "Ez da zilegi Gipuzkoako zatian lan erritmoari eustea eta Mariano Rajoyren Gobernuaren esku dauden beste batzuetan jaistea", gaineratu du.
Kutxek Kutxabanken kontrola izaten jarraituko duten galdetuta, baikor agertu da Aitor Esteban. Europarekin hasitako elkarrizketak "bide onetik doaz", jeltzalearen esanetan. EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Rajoyk aurreko astean esandakoa ekarri du gogora. Orduan Espainiako presidenteak esan zuen ez dela bidezkoa bankuen kudeaketa ona egin dutenek horretan jarraitzeko aukerarik ez izatea.
Kupoaren harira esan du hainbat bilera egin dituztela Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak eta Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak. Lehen bilera horiek positibotzat jo ditu Aitor Estebanek, "baina fruituak ez ditugu bihar goizean ikusiko", gaineratu du.