Politika -
Bilbon eta Iruñean
EPPKko ordezkariek Foro Sozialean parte hartzea eskatu dute
Kartzela Legeko 47,1 artikuluak eskaera babestu dezakeela uste dute kolektiboko ordezkariek, eta beren presentzia beharrezkoa dela nabarmendu dute.
Erredakzioa
"Bake prozesua indartzeko asmoz", Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) ordezkariek Lokarrik eta Bake Bideak antolatutako Foro Sozialean parte hartzeko eskaera egin diete agintari espainiar zein frantsesei.
Gara egunkariak azaldu duenez, Xabier Alegria, Anabel Egues, Jon Olarra, Marixol Iparraguirre, Lorentxa Guimon eta Mikel Albisu EPPKko ordezkariek hilabete honetan Iruñean eta Bilbon egingo diren batzarretan parte hartzeko baimena eman diezaieten eskaera egin diete Frantziako eta Espainiako kartzeletako agintariei.
"Garai latzak"
Kartzela Legeko 47,1 artikuluak eskaera babestu dezakeela uste dute kolektiboko ordezkariek, eta beren presentzia beharrezkoa dela nabarmendu dute, "biltzar horietan desarmearen, giza-eskubideeen bermearen eta atxilotutakoen eta ihes egindakoen gizarteratzearen inguruko gaiez hitz egingo delako".
"Espainiako eta Frantziako Gobernuek erakutsitako jarrerek garai latzak bizi izatera bultzatu duten arren", EPPKko ordezkariak "ebazpen politiko integral baten alde" agertu dira.
Jonan Fernandez, Bake eta Bizikidetza idazkari berria
Iñigo Urkullu lehendakariak Bake eta Bizikidetza Idazkaritza berria aurkeztu du, eta Jonan Fernandez Baketik fundazioko zuzendaria izango da bertan idazkari nagusia. Monica Hernandoren esku (Unesco Etxea) egongo da Giza Eskubideen zuzendaritza, eta Txema Urkijo ''biktima guztien'' aholkulari eta koordinatzailea izango da.
Lehendakariak azaldu duenez, idazkaritza orokor bakarra izango da, Lehendakaritzaren menpe, eta memoriaren, biktimen eta giza eskubideen inguruko politika guztiak biltzea izango du helburu. ''Aurretik zeuden azpiegiturak murrizten ari gara'', gaineratu du.
''Iraganaren berrikusketa kritikoa'' egiteaz gain, bakea eta elkarbizitza sendotzea ere bilatuko du idazkaritza berriak. ''Hiru pertsona eta lantalde bat aurkeztu nahi ditut: Lantaldea behar dugu eta talde lana egin behar dugu'', gaineratu du lehendakariak.