Politika -

PSC-PSOE gatazka

Navarro: 'Chacon ez da PSCko hautagai izango, kontsulta onartu gabe'

PSC Diputatuen Kongresuko talde sozialistaren zuzendaritzan egotea eskatuko du Kataluniako sozialisten buruak.

Pere Navarro PSCko buruzagia. Argazkia: EFE
Pere Navarro PSCko buruzagia.
Pere Navarro PSCko buruzagia. Argazkia: EFE

Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak adierazi duenez, Carme Chacon ez da hurrengo hauteskundeetan alderdiko hautagaia izango, erabakitzeko eskubidea eta kontsulta independentista onartzen ez baditu.

Astearte honetan, erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaida izan zen Diputatuen Kongresuan, eta PSCko diputatuek, PSOEk agindutakoari muzin egin, eta Katalunian kontsulta egitearen alde bozkatu zuten. Carme Chaconek ez bozkatzea erabaki zuen. Pere Navarrok ez daki zer lortu nahi izan zuen jarrera horrekin, baina "erabaki pertsonala" izan dela uste du. Halaber, hausnarketa egiteko eskatu Carme Chaconi, PSCren ideiak defenditzen jarraitzeko gai den ala ez erabakitzeko.

Hurrengo hauteskundeetan, Carme Chacon PSCko hautagai izatea babestuko duen galdetuta hau esan du: "Gauza jakina da aukeratzen dugun pertsonak PSCren hauteskunde programa onartu eta babestu behar duela".

EFE albiste agentziari egindako elkarrizketa batean esan duenez, aukeratzen duten hautagaiak erabakitzeko eskubidea babestu, eta Katalunian kontsulta independentista egitea onartu beharko du.

PSOE eta PSC alderdien arteko harremanak arautzeko protokolo berria negoziatuko dute laster, eta PSC Diputatuen Kongresuko talde sozialistaren zuzendaritzan egotea eskatuko du Kataluniako sozialisten buruak.

"Ez naiz inoiz alderdi baten zerrendetan aurkeztuko, bere hauteskunde programa babesten ez badut"

Carme Chacon Espainiako Defentsa ministro ohiak Pere Navarrori esan dio "inoiz ez zaiola burutik pasa ere egin" hauteskunde programa babestu gabe hautagai gisa aurkeztea.

Ez du Navarrorekin eztabaidan sartu nahi izan, baina esan du inoiz ez dela alderdi baten zerrendetan aurkeztuko, bere hauteskunde programan sinesten ez badu.

Carme Chacon PSCko Bartzelonako zerrendan lehena izan zen 2011ko hauteskunde orokorretan. Horren ustez, 2011ko hauteskunde programak Kataluniaren eta Espainiaren arteko ulermena jasotzen zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Alderdi Sozialista Alderdi politikoak berriak