Politika -
Murrizketak
EiTBn enplegu publikoari 'eutsiko' diotela bermatu du Urkulluk
Lehendakariak, halaber, errespetua agertu dio Mikel Agirrek EiTBko zuzendari izateko hautagaitzari uko egiteko hartu duen erabakiari.
Erredakzioa
EiTBren ''bideragarritasuna'' eta Euskal Irrati Telebistako enplegu publikoa bermatu ditu asteazken honetan Iñigo Urkullu lehendakariak.
Murrizketak egongo direla aurreratu du, baina murrizketok ez diote enplegu publikoari eragingo, Urkulluren hitzetan.
''Enplegu publikoa ez da desagertuko da. EiTBri dagokion enplegu publikoa mantendu egingo dela bermatzen dut. Euskal Irrati Telebistarekin ez da beste telebista autonomiko batzuekin edo Espainiako telebista publikoarekin gertatu dena gertatuko'', esan du lehendakariak.
Halaber, errespetua agertu du Mikel Agirrek EiTBko zuzendari izateko hautagaitzari uko egitean hartutako erabakiaren aurrean.
Lehendakariak agerraldia egin du kazetarien aurrean, asteazken honetan, erakundeetako, alderdietako, sindikatuetako, patronaleko eta banku-erakundeetako ordezkariekin bilera-sorta izan ostean, Euskadiko egoera politiko eta ekonomikoa aztertzeko.
Kazetariek galdetuta, Mikel Agirrek EiTBko zuzendari izateko hautagaitzari uko egiteko hartutako erabakiaz aritu da lehendakaria, eta ''arrazoi pertsonaletan oinarritutako erabakia bat'' errespetatzea beste aukerarik ez dagoela esan du.
Hautagai berri bat ''ahalik eta arinen'' bilatzeko konpromisoa agertu du, eta EAJk eta PSE-EEk adostutako profilarekin bat egingo duela esan du.
EiTBn murrizketa zorrotza egin beharra Agirreren erabakiaren arrazoia izateaz EH Bilduk egindako adierazpenen inguruan galdetuta, Urkulluk esan du ''agerikoa'' dela agertoki honetan ''murrizketak arlo guztietan''egin behar direla, eta murrizketa horiek EITBri ere eragingo diotela.