Politika -

Balorazioa

Aurrekontuak onartzeko, 'errealismoz' jardutea eskatu du lehendakariak

Aurtengo aurrekontuek 1.200 milioi euro gutxiago izango dituzten arren, "pertsonentzako oinarrizko zerbitzuak" eta enplegu publikoa bermatu egingo dituela nabarmendu du lehendakariak.

Hazkundearen bidea hartzeko ezinbestekoa da elkarrekin lan egitea, Urkulluren ustez

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Bizi dugun errealitate ekonomiko gordinari'' aurre egiteko ''maximalismoz'' ez aritzeko deia egin die Iñigo Urkullu lehendakariak alderdi politiko eta agente sozialei, eta, ildo horretan, 2013ko Aurrekontuak onartu ahal izateko ''errealismoz'' jardutea eskatu die alderdiei.

Lehendakariak azaldu duenez, 2013ko Aurrekontuetan murrizketak ezarri beharko dira, eta kontu ''gordinak'' izango dira; baina, aurrekontu horiek zerbitzu publikoak eta enplegu publikoa bermatuko dituztela ziurtatu du.

Lehendakariak agerraldia egin du kazetarien aurrean, asteazken honetan, erakundeetako, alderdietako, sindikatuetako, patronaleko eta banku-erakundeetako ordezkariekin bilera-sorta izan ostean, Euskadiko egoera politikoa eta ekonomikoa aztertzeko.

Bilera-sortaren balantze positiboa

Urkulluk bilera-sortaren emaitza orokorrak "positibotzat" jo ditu. Halaber, guztiak ados daudela nabarmendu du legealdi honen helburuak honako hauek direla: krisitik irtetea, bakea eta bizikidetza egonkortzea, eta autogobernua sakontzea.

Urkulluk azaldu duenez, bere solaskideei aurtengo aurrekontuek duten "errealitate gogorra" plazaratu die, bere ustez, Lehendakaritzara iritsi baino lehen aplikatzen hasi beharko liratekeen "doikuntzekin".

Baikor, Aurrekontuen aurrean

"Aurrekontuei buruzko eztabaida errealismoan oinarritzea espero dut", errepikatu du lehendakariak. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Presidentetzan % 36ko murrizketa baino handiagoa egingo dela azaldu du.

Horren haritik, "optimista" azaldu da kontuak aurrera ateratzeko beharrezko babesa lortzeko aukeraren inguruan.

Oinarrizko zerbitzuak eta enplegu publikoa bermatu ditu

Iazko aurrekontuan baino 1.200 milioi euro gutxiago jasoko diren arren, "pertsonentzako oinarrizko zerbitzuak" eta enplegu publikoa mantenduko direla nabarmendu du Urkulluk.

Ildo horretan, EITBn enplegu publikoa 'mantenduko' dutela bermatu du Urkulluk.

Enplegua aktibatzeko planak

Urkulluk esan du datozen hilabeteetan ekonomia berpizteko plan orokor bat aurkezteko asmoa duela, besteak beste, etxebitza "berrizteko" plan bat; baina ez du horren inguruko datu gehiago eman nahi izan.

ELAren eta PSEren kritikak

Sindikatu batzuek, besteak beste, ELAk, eta, alderdi batzuek, PSEk tartean, bere politika ekonomikoari buruz egindako kritikei buruz hitz egin du, eta egoeraren "errealismora" jotzea eskatu du.

Era horretan erakutsi du bere "ustekabea" ELAko idazkari nagusiaren adierazpenengatik, eta, batzuetan publikoki esandako hitzak bat ez datozela pribatuan mantendutako jarrerekin, nabarmendu du.

Jose Antonio Pastor Legebiltzarreko sozialisten bozeramailearen adierazpenei buruz ere hitz egin du, eta defizit-helburua eta diru-sarreren mugak aurrekontuak luzatzea proposatzea errealista ez izatea egiten dutela esan dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea