Politika -
Boto diziplina hautsita
PSC PSOEren zuzendaritzan jarraitzea defendatu du Pere Navarrok
Kataluniako sozialisten buruak haustura baztertu du. Haren hitzetan, Chaconi dagokio PSCtik bereiztekoa asmoa duen argitzea.
Erredakzioa
PSC PSOEren zuzendaritzan jarraitzea defendatu asteazken honetan Pere Navarro Kataluniako sozialisten buruak, eta ''erabat'' baztertu du bien arteko haustura.
Atzo, estreinakoz, PSOEren boto diziplina hautsi zuen PSCk, Katalunian galdeketa soberanista egitearen alde aurkeztutako proposamenari baiezkoa eman baitzioten PSCko 13 diputatuk Kongresuan.
Zatiketaren ondoren, PSOEren eta PSCren arteko harremanak berrikustea adostu dute bi aldeek, eta, atzo bertan PSOEko iturriek aurreratutakoaren arabera, Kataluniako sozialistak PSOEko zuzendaritzatik kanpo geratzea izan daiteke horren guztiaren ondorio.
Hala ere, Navarrok ''erabat'' ukatu du haustura, eta aukera hori defendatu duten PSOEko hainbat buruzagik egin dituzten adierazpenei garrantzia kendu die. ''Ezin diegu beroan egiten diren adierazpenei kasurik egin'', gaineratu du.
Harremanak berrikusi eta Kataluniari dagozkion gaietan PSOErekin bat egin behar ez izatea du PSCk helburu.
Carme Chacon
Carme Chaconen etorkizunari buruz, Navarrok esan du ministro ohiari dagokiola argitzea PSCtik bereiztekoa asmoa duen, eta haren esku utzi di Diputatuen Kongresuko eserlekuan jarraitzeko erabakia.
Halaber, Navarrok gogoratu du bere alderdiak ezin diola Chaconi zigorrik ezarri PSCk bozkatutakoarekin bat egin ez zuelako, eta Kongresuko Talde Sozialistari dagokiola zigorrak ezartzearen erantzukizuna.
PSE-EEk ''jarduera batasuna'' defendatu du
Bi aldeen arteko ''protokoa'' berrikustearen alde agertu da ere PSE-EE, baina ''jarduera batasunari eusteko asmoarekin'', Jose Antonio Pastor bozeramaileak argitu duenez.