Politika -
EAEko Fiskaltzaren memoria
Ustelkeriaren aurka egiteko baliabide gehiago eskatu ditu Calparsorok
EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak ez du Auzitegi Nazionalaren beharrik ikusten; izan ere, "ETAren jarduera armatua amaituta, ez dago terrorismo delituak epaitzeko auzitegi bereziren beharrik".
Erredakzioa
Juan Calparsoso EAEko fiskal nagusiak EAEko 2011ko Fiskaltzaren memoria azaldu du Legebiltzarrean, urrian ofizialki datuak aurkeztu ostean.
Ustelkeriaren aurka egiteko lurraldeetako fiskalek baliabide gehiago behar dituztela esan du eta ordezkari politikoen eta kargu publikoen artean horrelako jarrerak ekiditeko neurriak gogortzeko eskatu du.
"Ustelkeria ekiditeko" prebentzio-neurriak hartzearen alde egin du, besteak beste, funtzionarioek jokabide-araudien menpe egotea, dituzten ondasunak argitaratzea eta gardentasun legea onartzea.
Gainera, gaurkotasuneko beste hainbat gai aipatu ditu: ustelkeria, haur lapurtuen auzia, euskal presoen gerturatzea eta Auzitegi Nazionalak terrorismoaren kontra jokatzen duen papera, tartean.
Horren harira, ETAk jarduera armatua utzi ostean, terrorismo delitutzat jotzen diren ekintzak gertatu diren lekuan bertan epaitzeko garaia iritsi dela uste du.
Presoak hurbiltzearen auziari ekin behar zaio
Bestalde, presoak hurbiltzearen auziari ekin behar zaiola uste du. Halaber, senitartekoak bisitatzera joan eta bidean hil diren lagunak ezagutzen dituela esan du, eta hori "presoentzat beste karga bat da", adierazi du.
"Estatuaren terrorismoa ere badago", nabarmendu du. Gainera tortura delitua dela azpimarratu du; "beldurrik gabe" jarraitu beharrekoa, hain zuzen. "Tortura arriskua hor dago, eta beti irmotasunez jokatu behar da horren aurka, ETAren terrorismoaren aurka bezala", ondorioztatu du.