Politika -

Mikel Agirreren erabakia

EiTB zuzentzeko beste hautagaitza bat aurkeztuko du Jaurlaritzak

Gaur, Mikel Agirrek EiTBko zuzendari nagusi berria izateko hautagaitza erretiratu duela adierazi die Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari eta alderdi politikoei.

Mikel Agirre. EITB.
Mikel Agirre. EITB.
Mikel Agirrek uko egin dio EITBko zuzendari nagusi izateari

0:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Mikel Agirreren erabakia (EiTBko zuzendari nagusia izateari uko egin dio) "errespetuz" hartu duela adierazi du. Datozen egunetan, beste hautagaitza bat aurkeztuko du Jaurlaritzak, bozeramailearen hitzetan. "Hautagaitza berri horrekin, adostasun maila handia lortzea espero dugu", gaineratu du.

Gaur, Mikel Agirrek "arrazoi pribatuak" tarteko EiTBko zuzendari nagusi berria izateko hautagaitza erretiratu duela adierazi die Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari eta alderdi politikoei.

Ohar batean, eragile sozialei eta hedabideei "esker ona" adierazi die, haiengandik jasotako "errespetu eta begiruneagatik". Era berean, erabakia "errespetuz" hartzea eskatu du Mikel Agirrek ohar horretan.

Erkorekak adierazi duenez, Mikel Agirreren erabakia "pertsonala" izan da, eta Jaurlaritzak "errespetuz" hartu du.

Eusko Legebiltzarrak ostegunean aukeratu behar zuen EiTBko zuzendari nagusi berria. EAJk eta PSEk lortutako akordioari esker, Mikel Agirreren hautagaitzak boto nahikoak jaso behar zituen egun horretako osoko bilkuran.

"Adostasuna, pluraltasuna eta EiTBren eredu publikoaren errespetua" oinarritzat hartuz EiTB zuzentzeko proposamen berri bat aurkezteko eskatu diete sozialistek Jaurlaritzari.

Erreakzioak

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, Agirrek EiTB zuzentzeari uko egitea euskal irrati telebistak aurrekontuetan jasoko dituen murrizketek "bultzatu" dute. Horren ustez, % 12 eta % 20 arteko murrizketak izatea aurreikusita dago.

Mintegik azaldu duenez, Agirrekin izan zuen bileran, hark esan zuen Eusko Jaurlaritzak EiTBko aurrekontuak % 12 eta % 20 artean murrizteko asmoa zuela.

Dirudienez, Agirrek adierazi duen arlo batzuetan gastua murriztea oso zaila izango zela, aldiz, beste batzuetan % 40ko murrizketak egin ahal izango zirela uste zuen.

Ohar batean, PSE-EEk esan du EiTBko langileek eta herritarrek "Jaurlaritzak proposatutako egitasmoaren nondik norakoak eta zuzendaritzan nor egongo diren" jakin behar dutela. "Erantzuna ez da luzatu behar", gaineratu dute.

Basagoitiren ustez, EiTB zuzentzeko, "zorroztasuna" eta "neurritasuna" beharko dira dira. Mikel Agirreren egitasmoak "ganorazkoa eta zorrotza" ematen zuela gaineratu du.

Bestalde, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak Agirreren erabakiaren ingurukoak eta EAJren proposamen berria ezagutu arte itxarongo du, gai horren inguruan iritzia eman aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea