Politika -
EAEko aurrekontuak
PSEk ez du baztertzen EAJren aurrekontuen kontrako osoko zuzenketa
Zerbitzu sozialetan murrizketak egiten badituzte eta Hezkuntzan eta Osasunean murrizketak ez egiteko promesa errespetatzen ez badute, PSE-EEk ez die babesik emango.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, ez dute baztertzen Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaren kontra osoko zuzenketa aurkeztea, EAJren proposamenak murrizketak aurreikusten baditu Hezkuntzan eta Osasunean.
Mendiak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EAJk oraindik ez du aurreproiektuaren edukia jakinarazi, baina hauteskunde-kanpainan Hezkuntzan eta Osasunean murrizketak ez egiteko promesa urratzen ari direla salatu du.
Zerbitzu sozialetan murrizketak egiten badituzte eta Hezkuntzan eta Osasunean murrizketak ez egiteko promesa errespetatzen ez badute, PSE-EEk ez diela babesa emango azpimarratu du.
Mendiaren esanetan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzak orain arte egin duen lana "etsigarria" izan dela eta 100 egunen ostean "kargugabetzeak eta izendapenak bai, baina neurririk ez" dutela hartu uste du.
Donostialdeko metroa
Idoia Mendiak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko metroa baztertzeko hartutako erabakia eta aurrekontuen egoerak proiektua atzeratzea eskatzen bazuen ere, ez zutela azpiegitura baztertu behar iritzi dio, "proiektu estrategikoa baita eskualdearentzat".
Gainera, Gipuzkoako herritarrek proiektu baztertzeko arrazoien inguruko "azalpenak" merezi dituztela uste du.
Sortu
PSE-EEk Sorturekin biltzeko datarik ez duela jarri jakinarazi du Mendiak, baina Hasier Arraiz presidentea legebiltzarkidea denez, eguneroko harremana dutela adierazi du.
Mendiaren arabera, PSE-EEk eta Sortuk bat egingo dute legegintzaldi honetan "gai sozialetan", "alderdi ezkertiarrak" diren heinean arazoei aurre egiteko antzeko irtenbideak proposatuko dituztelakoan.