Politika -

CiUren proposamena

PSCk Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde egingo du Kongresuan

Talde Parlamentario Sozialista osatzen duten gainerako diputatuek kontra bozkatuko dute. Kataluniaren subiranotasunari buruzko kontsulta bat deitzeko negoziazioak abiatzea eskatzen du ebazpenak.

Pere Navarro PSCren buruzagia. Argazkia: Efe
Pere Navarro PSCren buruzagia.
Kataluniako Alderdi Sozialistak subiranotasun eskubidearen alde bozkatuko du

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSCko diputatuek Izquierda Pluralek (IU-ICV-CHA) eta CiUk Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde aurkeztuko duten ebazpena babestuko dute Kongresuan, nahiz eta Talde Parlamentario Sozialista osatzen duten gainerako diputatuek kontra bozkatuko duten.

Hori horrela, zatiketa gauzatuko da Talde Sozialistaren baitan, izan ere, PSOEk azkenean errefusatu egin du PSCren proposamenari babesa ematea. "Jakina zen sakoneko desadostasunaren froga bat da", azaldu dute PSOEko iturriek.

Pere Navarro PSCren buruzagiak iragarri zuen PSCk Kongresuan dituen 14 diputatuek Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde bozkatuko zutela. Berez, PSOEko gainerako diputatuekin negoziatu dute, bozketan jarrera berdina izateko asmoz, baina ez dute ados jartzea lortu.

CiUk eta Izquierda Pluralek, ICVk eskatuta, aurkeztutako proposamenak Kataluniako alderdiekin negoziatzeko deia egiten dio Espainiako Gobernuari, kataluniarrek erreferendumean erabaki dezaten haien etorkizun politikoa.

Chaconek ez du PSCrekin bat egingo

Carme Chacon Defentsa ministro ohiak ez ditu PSCren aginduak beteko eta ez du Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde bozkatuko, koherentziagatik eta herritarrekiko konpromisoagatik.

Hala ere, Chaconek ez du zehaztu ezezkoa emango duen Talde Sozialistako gainerako diputatuek bezalaxe, ala abstentzioa emango duen, PSCk urtarrilean Kataluniako Parlamentuan kontsultaren inguruan egin zuen moduan.

"Oso garbi dut ez dudala Espainiaren eta Kataluniaren arteko hausturaren alde bozkatuko. Herritarrekiko konpromisoagatik eta koherentziagatik egingo dut, kontrakoa egin dudanean hanka sartu izan baitut", beretsi du.

Navarrok ez dio aulkia eskatuko Chaconi

Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak atsekabea agertu du Carme Chaconek hartutako erabakia dela-eta, baina ez dio Kongresuko aulkia eskatuko. Chaconek berak PSCren esku jarri du Kongresuan duen jesarlekua, astearte honetan.

Navarroren hitzetan, gainera, ez dago PSCren eta PSOEren arteko haustura arriskurik. ''Inork ez ditu harremanak hautsi nahi'', esan du.

Kataluniako Gobernuaren hitzetan, erabaki ''historikoa'' da

Kataluniako Gobernua pozik agertu da PSCk hartutako erabakiarekin, eta ''dimentsio historikoa'' duela esan du. Francesc Homs bozeramailearen hitzetan, ez da ''eztabaida estetikoa'' bakarrik izango, eta ''etorkizunean ondorioak'' izango ditu.

Josep Antoni Duran i Lleida CiUk Kongresuan duen bozeramailearen hitzetan, berriz, Chaconek PSOEren burua izatea du helburu, eta horregatik hartu du erabakia.

PSOEren zigorra

PSOEk atzera egin du eta azkenean zigorra jarriko die Kataluniako kontsultaren inguruan PSOEren agindua bete ez eta CiUren proposamenaren alde bozkatzen duten PSCko diputatuei.

Amaiurrek PSE-EEren botoa eskatu du

Bestalde, Amaiurrek "autodeterminazioaren aldeko bozka" emateko deia egin die alderdi politiko guztiei, "Euskal Herrikoei eta PSOEkoei bereziki".

Rafa Lareina Amaiurren diputatuak azaldu duenez, "Euskal Herriaren errealitate sozial eta politikoari" erantzuteko modu egokia izango litzateke sozialistek hori egitea, eta "koherenteak izango lirateke Aieteko adierazpenean babestu zutenarekin".

PSE-EEk baztertu egin du baiezkoa ematea

Eskari horren aurrean, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak erantzun du ez dagoela aukerarik PSE-EEko diputatuek Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aldeko botoa emateko.

Gainera, PSC PSOErekin lotutako alderdi bat dela, baina PSE PSOEren barruan dagoela azaldu du: "Ez dira antzeko egoerak; ez politikoki ez sozialki, Euskal Herriaren eta Kataluniaren errealitateak ere ez dira berdinak", Pastorren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea