Politika -
Kongresu-sorrera
Barrena: 'Independentzia lortzeko asmoarekin jaio da Sortu'
Alderdiaren sorrera-kongresuan Pernando Barrenak azpimarratu duenez, "justizia sozialaren eta subiranotasunaren alde borrokatzea izango dira Sorturen lehentasunak".
Erredakzioa
Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak adierazi duenez, "independentzia lortzeko asmoarekin jaio da Sortu". Izan ere, Barrenak azpimarratu duenez, "justizia sozialaren eta subiranotasunaren alde borrokatzea" izango dira alderdi abertzalearen lehentasunak.
Goizean sorrera-kongresua egin du Sortuk, bertan Hasier Arraiz Kontseilu Nazionaleko presidente hautatu dutela. Arratsaldean, lehen ekitaldi politikoa egin du Iruñeko Anaitasuna pabilioian. Bertan, 2.000 lagun inguru bildu dira. Nafarroako banderak eta ikurriñak izan dira ikusgai, eta independentziaren eta presoen hurbilketaren aldeko oihuak entzun dira.
Erronka
"Sortu jaioberria da, baina gauzak oso argi ditugu", esan du Barrenak, "dena emango dugu euskal estatu independente eta sozialista sortzeko, horra hor gure erronka". "Zazpi lurraldeen erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu du Barrenak.
Halaber, "gatazkaren erabateko konponbidearen alde" egin du Sortuko bozeramaileak. "Sortuk ez ditu agortuta dauden esparru politikoak mantentzen lagunduko, horretarako beste alderdi daudelako", ohartarazi du.
"Urtebete baino gehiago igaro da ETAk su-etena iragarri zuenetik, baina ez dute errepresioarekin eta mehatxuekin amaitu", salatu du Barrenak. "Madrilgo eta Pariseko teknokratak bakearen etsaiak dira", azpimarratu du
Murrizketen aurka
Amaia Izko Sorturen bozeramaileak ekitaldian parte hartu du kapitalismoaren aurka egiteko. "Murrizketak normaltasunez onartzea nahi dute, lortzea asko kostatu zaigun gauzak kendu nahi dizkigute, beste batzuk lapurtzen ari diren bitartean", salatu du Izkok. "Langileen kaleratzeen eta etxegabetzeen aurrean, aberastasunaren banaketa proposatuko dugu", aldarrikatu du Izkok.