Politika -
Barcenas auzia
Dohainen kontua zeramala notario aurrean utzi zuen jasota Barcenasek
2012ko abenduan notarioarengana jo zuen, PPri emandako dohainen eta horiek jasotzen zituzten zerrenda biltzen zuen kontua jasotzera.
Erredakzioa
1994a eta 2009a bitartean PPri zuzendutako ''dohainen'' eta ''horiek jasotzen zituztenen'' kontrolaren arduradun zela jasotzeko notarioarengana jo zuen Luis Barcenasek 2012ko abenduaren 14an. Garai hartan PPko diruzaina zen Alvaro Lapuertarekin zen Barcenas kontu horren arduradun, bertan jasotzen denez.
Garai hartan PPko kudeatzailea zen Barcenas, eta, testu horretan jasotzen denez, ''1994a eta 2009a bitartean Alderdi Popularraren dohainen atalari dagozkion diru-sarreren eta gastuen kontralaren arduradun'' zen, '' Alvaro Lapuerta Quinterorekin batera''.
UDEF delitu ekonomiko eta fiskalen unitateak Gürtel auzia ikertzen duen Pablo Ruz epaileari helarazio dion txosten batean biltzen dira datu hauek.
Txostenaren arabera, PPko diruzain ohiak notario aurrean jasota utzi zuen ''kontu horrek dohaintza gisa lortutako diru-sarrerak eta gastuei dagozkien kontzeptuak bakarrik jasotzen'' zituela.
Halaber, testuaren arabera, kontu horren euskarri dokumentala Barcenasek berak eta Lapuertak ikus-onetsita zegoen, ''diru horren erabileraren arduradun'' ziren neurrian, ''diru hori eman eta jasotzen zutenen izenak jasoz''.
Suitzan 20 milioi euro zituela jakin baino zertxobait lehenago jo zuen notarioarengana.
''Lehen zintzotasun krisia, epaile aurrean''
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari orokorraren hitzetan, ''ematen du Barcenasek lehen zintzotasun krisia izan duela, eta notario aurrean izan dela''.
PPk ez daki ''ezer'' deklarazioaz
Alderdi Popularreko zuzendaritza nazionalak, berriz, Barcenasek notario aurrean egindako deklarazioa baloratu ezin dutela esan du, ez dutelako deklarazio hori ezagutzen eta ez dakitelako ''ezer'' horretaz.