Politika -
Diputatuen Kongresua
Gatazkaren konponbidean pausoak emateko eskatu dio Amaiurrek Rajoyri
Urbinak defizit demokratiko arazoa izatea egotzi dio Rajoyri. Horren iritziz, arazoa ez dauka soilik Katalunian eta Euskal Herrian, baita 'bere herrialdean ere: Madrilen eta Andaluzian esaterako'.
Erredakzioa
Iker Urbina Amaiurreko diputatuak Diputatuen Kongresuko Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan, gatazkaren betiko konponbidea lortzeko urratsak egiteko eskatu dio Mariano Rajoyri. Helburu hori lortzeko, "eskua luzatu" dio Amaiurrek eta bide horretan koalizio abertzaleak duen konpromisoa berretsi du. Bestalde, Amaiurreko diputatuak esan du Espainiaren arazoa defizit demokratikoa dela.
Gatazkaren konponbidearen inguruan eskari gehiago ere egin dizkio Urbinak Rajoyri, hain zuzen ere, kartzela-politika aldatzea eta Aieteko konferentzian Espainiako Gobernuari egindako eskaerak aintzat hartzea.
Bide horretan, pausoak ematea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Helburu hori lortzeko, Amaiurrek "eskua luzatu" dio, eta gogoratu duenez, Amaiurren konpromisoa erabatekoa da gatazkaren behin betiko konponbidea lortzeko.
Tortura eta errepresio judiziala ere gogora ekarri ditu bere agerraldian. Urbinaren ustez, Euskal Herria indarkeriaren oinazea pairatzen ari da, ETA sortu baino lehenagotik. Biktima guztiak (Fernando Buesa, Jorge Diez, Jon Anza, Joxe Arregi esaterako) aitortzeko eta torturak izan direla onartzeko ere eskatu dio Rajoyri.
Ustelkeria
Azken ustelkeria kasuak ere hizpide izan ditu. Horren ustez, erakundeetan "Monarkiatik hasi eta Botere judizialera arte, usteltze zantzuak daude".
Urbinak demokrazia arazo bat izatea egotzi dio Mariano Rajoyri: "Ez Katalunian eta Euskal Herrian bakarrik, baita bere herrialdean ere, Madrilen eta Andaluzian esaterako; izan ere, han ere demokrazia eskatzen diote". Amaiurreko diputatuaren hitzetan, "Rajoyk defizit demokratiko arazo bat dauka".
Bestalde, Espainian azken aldian izaten ari diren ustelkeria kasuak ere izan ditu hizpide. Urbinaren ustez, horiek guztiak ez dira kasu puntualak, are gehiago, ustelkeria Estatuaren idiosinkrasiaren parte dela uste du. "Lehengo Urralburu, Roldan eta gainerakoiei, Urdangarin eta Gürtel auziko inputatuak gehitu zaizkie", gaineratu du.
Krisi ekonomikoa
Krisi ekonomikoa aurrekaririk gabeko krisitzat jo du Iker Urbinak eta, Rajoyren Gobernuak alde guztietatik gainezka egiten duela adierazi du. "Ez bota errua tripulazioari, beti izan dira eta izango dira olatuak itsasoan. Zure Gobernuak ez du osperik", gaineratu du.
Amaiurren iritziz, Espainiako Gobernuak krisi ekonomikoa baliatu du Estatuaren zentralizazioan pausoak emateko.
Hala, Moncloa eta Diputatuen Kongresua pribatizatzeko proposatu dio. Ondorioz, "presidente izateari utziko zenioke, baina administrazio kontseilu bateko kide izatera igaroko zinateke", gaineratu du.
Ekonomia, ustelkeria eta bakegintza, Uxue Barkosen agerraldiaren ardatzak
Estatuaren egoerari buruzko eztabaida krisi ekonomikoaren amaiera sumatzen dela esateko baliatu izana egotzi dio, Uxue Barkos Geroa Bai koalizioak Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Mariano Rajoyri. Salatu duenez, ez dute, ordea, murrizketek hezkuntza eta osasun alorretan duten eragina aipatu. Mariano Rajoyk iragarritako neurriak indarrean egon zitezkeela salatu du.
Geroa Baiko bozeramailearen iritziz, Rajoyren agerraldia esaldi batean laburbildu daiteke: "Zenbakiak arduratzen zaituztete, eta zuek gabe guztia okerragoa izango zuen". Uxue Barkosen aburuz, okerrena da urte beteren ondoren milioi bat langabetu gehiago daudela, eta dirua langabetuei ordaintzeko erabili beharrean zorra ordaintzeko erabiltzen dela.
Ustelkeriaren auzian arazoa ez da legedia, "balore eta etika falta baizik". Uxue Barkosen iritziz, ez dira lege berriak behar alderdi politikoak garbitzeko, eta arazoaren muina zein den adierazi du: bipartidismoa.
Bakegintza arloan pauso berriak emateko eta presoen sakabanaketarekin emaitzeko eskatu dio Mariano Rajoyri; presidenteak ez dio, ordea, gaiaren gaineko erantzunik eman.
Bestalde, Uxue Barkosek salatu du Nafarroan Rajoyk %80 murriztu dituela inbertsioak.