Politika -

Diputatuen Kongresua

EAJk dio Rajoyk ezingo duela aurrera egin ustelkeria baieztatuz gero

Aitor Estebanek salatu duenez, "Rajoyren Gobernua legeak aldatzen ari da, baina ez du alderdi barruko kontuak konpontzeko ezer egiten".

Aitor Esteban EAJren bozeramailea. Argazkia: EITB
Aitor Esteban EAJren bozeramailea. Argazkia: EITB
EAJk dio Rajoyk ezingo duela aurrera egin ustelkeria baieztatuz gero

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak Kongresuko Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan adierazi duenez, PPri eragiten dion ustelkeria kasuren bat baieztatzen bada, Gobernuaren egoera "jasanezina" izango litzateke, informazio horiek "ukatzen" aritu baitira behin eta berriz.

Estebanen esanetan, Rajoyren "alderdia legez kanpoko kontuen, zurrumurruen, adierazpenen eta bestelakoen erdian dago" eta "beharrezkoa da argitaratzen diren informazio bakoitzaren inguruko azalpenak ematea".

"Egun batean Sepulveda alderdiko langilea da eta zentzugabeko erasoak egiten zaizkio, eta bi egunera kaleratu egiten dute. Egun batean Barcenas historia da alderdiaren barruan PPtik ateratzea eskatu duelako, eta beste batean konturatzen gara alderdiaren egoitzan bulegoa duela eta soldata kobratzen egon dela", gaineratu du Estebanek.

Aitor Esteban EAJko diputatuak bozeramaile gisa Estatuaren egoerari buruzko eztabaida batean parte hartzen duen lehen aldia da. Horren ustez, "Rajoyren Gobernua legeak aldatzen ari da, baina ez du alderdi barruko kontuak konpontzeko ezer egiten".

Estebanen iritziz, hainbat alderdi politiko, Rajoy buru dela, gerra batean sartu dira politikoki nor biluzten den gehiago erakutsi nahian, hori eginda, botoak irabaziko dituztelakoan. "Susmopean dauden horiek lezioak eman nahian ari dira", gaineratu du Aitor Estebanek. Hori dela eta, "itxura gutxiago eta jarrera gehiago" eskatu dio Alderdi Popularrari. EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen arabera, ustelkeriaren gaia ez da konponduko "alderdiek beren militanteei eta boto-emaileei mezu argia bidaltzen dien arte".

Europako aurrekontuak

Aitor Estebanek politika fiskala eta moneta politika ere izan ditu hizpide. Horren ustez, Europar Batasunak alor horietan neurriak hartu ditu, baina "Europar Batasuneko herrialdeen mesedetean". Rajoyri eskatu dio Europako Banku Zentralari jokabide aldatzea eskatzeko.

Bestalde, 2014-2028 urteetarako onartu diren aurrekontuak salatu ditu. Estebanen iritziz, aurrekontu horiekin "Europa gutxiago" izango dugu. Halaber, aurrekontu horietan "iraganeko aztarnak" ikusten ditu.

Monarkiak aldaketa behar du

Bestalde, Estebanek uste du Espainiako monarkiak "aldatu" beharra duela "leku berean jarraitu nahi badu", izan ere, "Estatuko erakunde opakoena da".

Bozeramaile jeltzaleak monarkiaz hitz egin du eta salatu duenez, "fundazioen, mesedeen, babesleen, emailen, elefanteen, etab-en ondoren, ez da nahikoa barkamena eskatzea eta berriro gertatuko ez dela esatea".

ETAren amaiera

Bere hitzaldiaren amaieran Konstituzioan aldaketak egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Kataluniako eta Euskadiko egoera aldatu dadin. Halaber, ETAk 2011n "jarduera armatua behin betiko" amaitutzat eman duela jakinarazi ostean, bakegintzan pausoak emateko eskatu dio Rajoyrik. "Eusko Legebiltzarra hasi da lanean", eta Rajoyri elkarlana eta "konfiantza" eskatu dizkio, gaiarekiko iritzi ezberdina izan arren. "Ibili egin behar da", gaineratu du. Bukatzeko honakoa esan du: "Ez naiz haratago joango. Guztia esanda dago".

Etxea ordainean ematea

Bestalde, bozeramaile jeltzaleak Etxegabetzeen aurkako Legeak herri-ekimen legegilearen "esentzia" errespetatzea eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari, etxea ordainean emateko aukera barne har dezala alegia; izan ere, tramitazioa onartu ostean puntu hori onartuko ez balitz, herritarrak "iraintzea" izango litzateke.

Lan erreforma

Era berean, lan erreforma "erabateko porrota" izan dela salatu du, enplegu suntsipena eta prekarietatea areagotu direla iritzita. Gainera, 'mini jobs' delakoak aipatzen dituenean, Gobernuak "eufemismoekin lan handiak soldata txikiekin" ordainduko direla esan nahi duela azpimarratu du.

Proposamenak

Bi eguneko eztabaidaren ondoren, talde parlamentarioek ebazpen proposamenak aurkezteko epea izango dute ostiraleko 14:00ak arte. Talde bakoitzak 15 proposamen aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta datorren asteartean eztabaidatuko dituzte Kongresuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea