Politika -

Bankia auzia

Bankiaren bideragarritasuna zalantzan jarri zuela dio Deloittek

Gaur, Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidenteak deklaratuko du, Auzitegi Nazionalean.

Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea. EFE
Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea. EFE
Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Deloitte enpresa ikuskariak zalantzan jarri zuen Bankiaren bideragarritasuna 2012. urteko martxoan, Francisco Celma konpainia horretako bazkideak Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean egindako deklarazioaren arabera.

Gainera, Espainiako Bankuak onartutako planak ez zuela bankuaren bideragarritasuna bermatzen ere adierazi du, epaitegitik jakinarazi dutenez.

Celmak bost orduz baino gehiagoz deklaratu du, lekuko gisa, Bankiaren bat-egitea eta burtsan kotizatzen hasteko prozesua ikertzen ari den auziaren baitan.

Horren esanetan, Deloittek unean uneko informazioa eman zuen finantza taldearen egoeraz. Deklarazio hori, baina, ez dator bat Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiak duela bi hilabete egindakoarekin. Izan ere, ikuskarien zalantza bakarrak Banco Financiero de Ahorros (BFA) filialaren harira etorri zirela esan zuen.

Celmak gezurtatu egin du, eta, horren adibide gisa, Ratoren taldeak 2011. urtean aurkeztu zituen kontuei ez zietela abala eman argudiatu du, Administrazio Kontseiluko kideek ez baitzituzten sinatu.

Urte horretako kontuek (Bankiaren lehenengoak) 309 milioi euroko mozkinak jasotzen zituzten. Ratok dimisioa eman eta gero, baina, berriz aztertu zituzten, eta 2.979 milioi euroko galerak azaleratu ziren. Ondorioz, Bankiak 17.959 milioi euroko erreskatea eskatu behar izan zion Espainiako Gobernuari.

Gaur, Goirigolzarrik

Ostegun honetan, Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentearen txanda izango da, Andreu epaileak agindutako galdeketa-sortaren baitan.

Guztira 33 pertsona daude inputatuta auzian, tartean Rodrigo Rato eta Jose Luis Olivas Bankiako presidente eta presidenteorde ohia.

Oro har, epaileak kontuak faltsutzea, kudeaketa desleiala egitea, diruaz bidegabe jabetzea eta prezioak manipulatzeko helburuz azpijokoak egitea egozten die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea