Politika -
Espainiako Gobernuarekin
Jaurlaritza elkarlanean arituko da Biktimen Memoriala bultzatzeko
Terrorismoaren Biktimen Memoriala sortzearen ardura Espainiako Gobernuarena dela gogoratu du lehendakariak PSE-EEri igorritako erantzunean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza Rajoyren Gobernuarekin elkarlanean arituko da, Terrorismoaren Biktimen Memoriala bultzatzeko eta aurreko legealdian sortutako "arazo praktikoak" konpontzeko.
Iazko urtarrilean, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak ETAren biktimen memoriala sortzeko protokolo bat sinatu zuten. Batzorde horrek zenbait bilera egin zituen, eta erakunde horretako azpiegituraren nondik norakoak zehaztu zituen.
PSE-EEk egitasmo horren inguruan Urkulluk zer egingo duen galdetu dio lehendakariari Legebiltzarrean. Idatziz igorritako erantzunaren arabera, Madrilgo Gobernuarekin "elkarlanean" arituko da Urkullu.
Memoriala sortzearen ardura Espainiako Gobernuarena dela gogoratu du lehendakariak erantzun horretan. Hala ere, egoitza Euskadin irekiko dutenez, bi Gobernuen artean batzorde berezi bat sortzea erabaki zutela azpimarratu du Urkulluk.
Batzorde horrek maiatzean egin zuen bere azkenengo bilera. Egun horretan "arazo praktiko" batzuk agertu zirela esan du Urkulluk. "Arazo horiek konpontzeko elkarlanean arituko gara Espainiako Gobernuarekin", adierazi du.