Politika -

Diputatuen Kongresua

Espainiako Gobernuak bigarren erreforma-sorta jarriko du abian

Ustelkeriaren kontrako hiru neurri iragarri ditu: kargu publikoen ondareei buruzko auditoria bat deituko du, zigorrak gogortuko dituzte eta delituak preskribatzeko epeak luzatzeko legea aldatuko dute.

Mariano Rajoy, Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan. Argazkia: EITB
Mariano Rajoy, Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan. Argazkia: EITB
Estatuaren egoerari buruzko eztabaida, Kongresuan

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espero bezala, Mariano Rajoyk ekonomia suspertzeko eta ustelkeriari aurre egiteko neurri eta erreforma berriak iragarri ditu Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan. Egoera ekonomikoa oso zaila dela onartu du, baina bere Gobernuak egindako erreformei esker "Espainia hondoratzea" saihestu dutela nabarmendu du.

Aipatzekoa da ustelkeriari buruzko neurriak agerraldiaren bukaera azaldu dituela eta 'Barcenas' auziari inolako aipu zuzenik egin ez diola.

"EGOERA OSO LARRIA"

Mariano Rajoyk Espainian dauden langabe kopuruari (6 milioi pertsona) aipu eginez ekin dio Estatuaren egoerari buruzko eztabaidari. Datu horrek testuinguru sozio-ekonomikoa "gogorra eta dramatikoa" dela agerian uzten duela azpimarratu du.

"Amaitu da kimu berdeez edo aurreratutako udaberriaz hitzegitea. Egoera izugarri larri da eta irtenbidearen bila ez dugu atsedenik hartuko".

Hala ere, Rajoyk esan du bere Gobernuak abian jarritako erreformei esker "Espainia hondoratzea" saihestu dela eta horrek susperraldi ekonomikoaren oinarria ezarri duela.

"Ez dut esango erraza izan dela, ez baita izan; ez da erraza izan ezta atsegina ere eta badakit askok ez dituztela gure neurriak onartu", adierazi du. "Duela urtebete atzerrian inork ez zuen gugan sinesten, baina orain aurrera egin dezakegula uste dute", erantsi du.

DEFIZIT PUBLIKOA

Hori esanda, Rajoyk iragarri du 2012ko defizit publikoa BPGren % 7tik beherakoa izan zela. Bruselak % 6,3ko defizita lortzeko helburua ezarri zion. Espainiak, beraz, ez du agindutakoa bete, baina Rajoyk ontzat eman du helburutik hurbil egon izana.

Bestalde, Espainiako bankuek Europatik jasotako 40.000 milioi euroko laguntza eskertu, "gure finantza sistema bideragarria, kaudimenduna eta gardena izateko oinarriak ezartzea ahalbidetu duelako".

ENPRESENTZAKO LAGUNTZAK

Rajoyk ondoko iragarpena egin du Kongresuan: 2014ko urtarriletik aurrera, urtean bi milioi euro baino gutxiagoko bolumena duten autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek ez dute BEZa ordaindu beharko, fakturak kobratzen ez dituzten bitartean.

Enpresen likidezia babesteko asmoz, Espainiako Gobernuak neurri berriak hartuko dituela jakinarazi du. Gauzak horrela, enpresei laguntzeko 45.000 milioi euro bideratuko dituzte baliabideetan.

GAZTEENTZAKO ENPLEGUA

Gazteek enplegua lortzeko bidean, aldi baterako kontratu mota berri bat sortuko du Espainiako Gobernuak.

30 urtetatik beherako gazteak behin behinean kontratatzen dituzten enpresa txiki eta ertainei gizarte-kuotak ordaintzeko beharrizana kenduko die Gobernuak eta aipatu kontratua mugagabe bilakatzen duten enpresak diruz lagunduko ditu.

Langabezia-tasa % 15era jaitsi bitartean egongo da neurri hori martxan.

ADMINISTRAZIOAK

Aurrekontuen egonkortasunerako legea ere izan du hizpide. Rajoyren aburuz, erreforma hori egin izan ez balitz, "autonomia eta udal-gobernu askok ordainketak burutu ezinik egongo lirateke eta, ondorioz, milaka enpresak itxi egin beharko zuten".

Erkidegoak eta tokian tokiko administrazioak "noraezean" utzi ez dituztela nabarmendu du. "Hartutako neurri ezberdinen bitartez 60.000 milioi euro bideratu ditugu administrazio horietara eta horietako 27.000 milioi zorrak ordaintzeko erabili dituzte", azaldu du.

Horrez gain, Rajoyk berretsi egin du bere Gobernuaren asmoa bikoiztasunekin amaitzea dela, prozedurak sinplifikatuta eta zerbitzuen eraginkortasuna bilatuta.

Horrenbestez, gogora ekarri du joan den urrian administrazio publikoen erreformarako batzordea eratu zela. "Batzordea lanean ari da eta helburua ekainaren 30erako proposamen zehatzak ezagutaraztea da", adierazi du.

"Justifikatuta ez dauden organismoak desegingo ditugu", erantsi du. Administrazio publikoak "eraginkortasunez funtzionatzea" eta "alferrikako gasturik ez eragitea" lortu behar dela erantsi du.

KRITIKAK AURREKO GOBERNUARI

Aurreko Gobernuari kritika gogorrak egin dizkio Rajoyk. 2008an, ideiarik eta estrategiarik izan ez zutela eta horrek krisi ekonomikoa areagotzea ekarri zuela salatu du.

"Urrats okerrak eman zituzten, itxurakerian oinarritutako erreforma ahulak egin zituzten eta, ondorioz, altxor publikoak 20.000 milioi euro baino gehiago galdu ditu", esan du.

"Krediturik ez badago, ez dago bizitzarik; izan ere, krediturik gabe, ez dago inbertsiorik eta inbertsiorik gabe ez dago enplegua sortzerik", ohartarazi du.

USTELKERIAREN KONTRAKO NEURRIAK

Ustelkeriaren aurkako neurriak ere iragarri ditu, hala nola,  kargu publikoen ondareei buruzko auditoria bat deituko dutela esan du, zigorrak gogortuko dituztela eta ustelkeria-delituak preskribatzeko epeak luzatzeko legea aldatuko dutela.

Ildo horretan, zenbait lege abian jartzeko asmoa iragarri du: Gardentasun Legea (tramitazioan dago jada); funtzio politikoa erregulatuko duen Lege Organikoa; eta alderdi politikoen finantzazioa eta jarduera ekonomikoa kontrolatuko duen Lege Organikoa.

Era berean, zigor kodea aldatuko dutela esan du, zigorrak gogortzeko eta delituak preskribatzeko epeak luzatzeko. Gainerako talde parlamentarioei bere proposamenarekin bat egiteko eskua luzatu die.

"Nazka ematen dit Espainian ustelkeria kasuak sortzea, baina gure erakundeez harro nago arazoari aurre egiteko gai direla ikusita", adierazi du 'Barcenas' auziari inolako aipurik egin gabe.

ESTATU EREDUA

Estatuaren ereduari dagokionez, Mariano Rajoyk edozertaz hitzegiteko prest agertu da, baina, "betiere Konstituzioaren baitan".

"Borondatea badago" akordioetara heltzea posible dela adierazi du, Estatuaren lurralde antolaketari aipu eginez.

Ildo berean, Kataluniako Gobernuari "elkarrizketa" eta "negoziazioa" eskaini dizkio, "asegabeko beharrizanak edo hutsune fiskalak eta ekonomikoak betetzeko". Alabaina, kasu honetan ere muga bera jarri du: Konstituzioa. "Konstituzioa erreformatzeko momentua ez da", erantsi du.

DISKURTSOAREN BUKAERA

91 minutu eta gero eman du amaitutzat Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan presidente gisa egin duen lehen agerraldia. Eta bukatzeko mezu itxaropentsua bidali du: "Espainia fidagarria eta aurrera egingo dugu".

"Asko sufritu dugu, enplegu asko galdu ditugu, mota guztietako arazo ekonomikoak izan ditugu, baina barkuak ez du hondoa jo eta orain, hartutako neurriei esker, Espainia fidagarria da berriro. Beraz, etorkizuna badaukagu", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea