Politika -
Eztabaida Kongresuan
Ustelkeria hizpide, Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan
Mariano Rajoyk eta talde parlamentarioek ustelkeriaren aurkako neurriak proposatuko dituzte.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Estatuaren egoerari buruzko lehen eztabaida izango du gaur, karguan denetik. Eztabaida krisi ekonomikoak, baina batik ustelkeria auziek baldintzatuta etorriko da.
Hori horrela, oposizioak azalpenak eskatuko dizkio Rajoyri, Gobernuarekin eta PPrekin lotutako ustezko ustelkeria auzien harira.
Moncloatik jakinarazi dutenez, Rajoyk ustelkeriaren aurkako neurriak proposatuko ditu gaurko eztabaidan, eta azken urtean hartutako erabakien ondorioz Espainia "salbatu" egin dutela argudiatuko du.
Hain justu, erreformei esker, erreskatea eskatu behar izatea saihestu dutela eta ordainketei aurre egin ahal izan dizkietela esango du.
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak ere ustelkeriaren aurkako neurriak mahaigaineratuko ditu. Adibidez, espetxe zigorrak handitzea, ustelkeria auziak Auzitegi Nazionalaren esku izatea eta ustelkeriarengatik kondenatutako enpresek administrazioekin kontratuak egitea debekatzea proposatuko du.
Halaber, "pobreziaren aurkako itun nazional zabal bat" eskainiko die gainerako taldeei.