Politika -

Sorturen sorrera

Hasier Arraiz Sortuko Kontseilu Nazionalaren presidente berretsi dute

Goizean alderdiaren oinarri sozialek adostutako ponentziak eta zuzendaritzako kideak berretsi dituzte. Arratsaldean, 'gizartearen aurrean' aurkeztuko dute alderdia, Iruñeko Anaitasunan.

Sortu sorrera-kongresua egiten ari da Iruñean. Efe
Sortu sorrera-kongresua egiten ari da Iruñean. Efe
Hasier Arraiz Sortuko Kontseilu Nazionalaren presidente berretsi dute

1:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarra eta Batasuneko Mahai Nazionaleko kide ohia Sortuko Kontseilu Nagusiko presidente berretsi dute alderdiaren sorrera-kongresuan.

Arraizek euskal abertzaleen batasunerako deia egin du "autonomia-marko zaharkitua" atzean uzteko eta "ekonomiaren demokratizazioan ekintza politikoaren bidez aurrera egin eta euskal estatu sozialista lortzeko".

Sortuko presidentearen hitzaldiaren bi ardatz nagusiak, beraz, euskal estatuaren eraikuntza eta neoliberalismoaren aurka egitea izan dira.

Halaber, eta gaur "hemen egon beharko luketen pertsonen falta" azpimarratu ondoren (Arnaldo Otegiri erreferentzia eginda), ezker abertzalearen "ondare nagusiari etekina ateratzea" eskatu du.

Kongresua Iruñean egiten ari dira alderdiaren ibilbideari ofizialki hasiera emateko.

Goizeako saioan asteburuan oinarri sozialek hartutako erabakiak berretsi dituzte, besteak beste, ponentziak eta proposatutako zuzendaritzako kideen izenak. Oinarri sozialek alderdiko idazkari orokorra izateko Arnaldo Otegi hautatu zuten, baina espetxean dagoenez, ardura hau bete gabe uztea erabaki zuten. Aurreko asteburuan aukeratutako gainerako zuzendaritzako kideak berretsi dituzte, horien artean, Hasier Arraiz Kontseilu Nazionaleko presidente izateko hautatua izan zena.

Kontseilu Nazionala ondorengo hauekin osatu da: Idoia Aiastui, Antolakuntza arduraduna; Juan Joxe Petrikorena Komunikazio arduraduna; Marisa Alejandro, Finantza arduraduna; eta Maite Ubiria, nazioarteko lan taldeko idazkaria.

Aurreko astean probintzietako arduradunak ere aukeratu zituzten: Maribi Ugarteburu Bizkaian, Txus Martinez de lahidalga Araban, Joxean Agirre Gipuzkoan, Juan Kruz Aldasoro Nafarroan eta Jean-François Lefort Iparraldean.

Alderdiko bozeramaileei dagokienez, Pernando Barrena, Amaia Izko eta Xabi Larralde izango dira.

"Gatazkaren konponbideari" eskainitako saila du alderdiak, eta horren ardura izango du Rufi Etxeberriak.

Bestalde, erakundeekin "borroka" egiteko ardura Joseba Permachek izango du.

Marije Fullaondo "masen borroka" saila zuzenduko du, eta "borroka ideologikoa" sailerako, Iosu Lizarralde, hautatu dute.

Otegiren hitzak

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia izan da Sorturen Kongresuaren hasierako protagonista. Otegik idatzi bat bidali du Sortu "Estatuen indarkeriak indarrean jarraitzen duen testuinguruan" jaiotzen dela esateko, eta, bere iritziz, "indarkeria hori konpondu gabe dagoen gatazka politikoaren jatorrian dago".

Espainiako eta Frantziako Estatuek ez dute onartzen Euskal Herria nazioa dela eta autodeterminaziorako eskubidea duela", esan du Otegik idatzian. Oharra Logroñoko kartzelatik bidali du, bertan ari baita Bateragune auziaren harian jarritako zigorra betetzen.

Ezker abertzaleko liderraren eskutitza Karmele Aierbek irakurri du. Otegiren hitzetan, Sortu "borrokarako tresna berria da, herri ezkertiar eta abertzalearen eskuetan". "Hamarkada batean legez kanpo egon gara, jazarpen politikoa jasan dugu, kartzela-zigorrak, kartzelaratzeak... eta hori guztia gaur egun ere pairatzen ari gara", esan du.

Arratsaldean

Zuzendaritza berretsita, arratsaldean, "gizartearen aurrean" aurkeztuko dute alderdi berria, Iruñeko Anaitasunan. Ekitaldi horretan, nazioartetik etorritako politikariek eta erakundeek hartuko dute parte, Joseba Alvarez eta Iñaki Zabaletak aste honetan aurreratu bezala. Guztira, mundu osotik etorritako 40 alderdi politiko eta erakunde izango dira kongresuan.

Joseba Alvarezek aste honetan aurreratu zuenez, EAJ, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna euskal alderdietako kideak kongresuan izango dira. Portugal, Grezia, Alemania, Danimarka, Frantzia, Salvador, Kolonbia, Maroko, Filipinak, Australia eta Espainia estatuetako alderdi ezkertiarrak ere joango dira.

Nazioarteko ordezkarien artean, Venezuelako kontsul, Hego Afrikako Kongresu Nazionala, Saharako Frente Polisarioa eta Irlanadako Sinn Fein izango dira, besteak beste.

Kongresuaren bezperan, Iruñeko Baluarten "Egungo gatazken irtenbidea" izenburua duen konferentzia izango da, eta, Zabaletak azaldu duenez, ezker abertzaleak ez ditu "baliozkoak izan ez diren" prozesuak aztertuko, besteak beste, Irlandakoa eta Hego Afrikakoa, "oraindik fase ezberdinetan daudenak" baizik.

Gatazkak konpontzeko mintegia, bezperan

Sorrera kongresuaren bezperan, gatazkak konpontzeko nazioarteko mintegi bat antolatu du Sortuk, Iruñean. Bertan parte hartu dute Kurdistan, Kolonbia, Palestina eta Sahara Mendebaldeko herrialdeetako ordezkariek. Besteak beste, herrialde horietako gatazkak konpontzeko prozesuei heldu nahi izan diete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea