Politika -
Bisita
Lehendakariak 'etengabeko harremana' du egiaztatzaileekin
Erkorekak azaldu duenez, Urkulluk ''ia eguneroko'' harremana du bake prozesuko agenteekin. Egiaztatzaileekin bildu direla baieztatu du PSE-EEk, ''ETAk disolbatu behar duela'' helarazteko.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak ''etengabeko harremana'' du bake eta normalizazio prozesuan inplikatuta dauden agente guztiekin, Ram Manikkalingam buru duen nazioarteko egiaztatzaileen taldearekin ere.
Egunotan Euskadin da egiaztatzaileen taldea, alderdi politikoekin eta erakundeetako ordezkariekin bilerak egiteko, eta bisita horretaz aritu da Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, goizean eskaini duen prentsaurrekoan.
Kazetariek egindako galderei erantzunez, Erkorekak esan du lehendakariak ''ia eguneroko'' harremana duela ''bake eta normalizazio prozesuaren kudeaketarekin zerikusia duen guztian lan egiten duten agente guztiekin'', tartean egiaztatzaileen taldearekin ere, baina ez du argitu Urkullu talde horretako kideekin bildu den ala ez, zuhurtzia aipatuz.
Edonola ere, Lehendakaritza iturriek baieztatu egin dute lehendakaria egiaztatzaileekin elkartu dela.
PSE-EEren bilera
Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak ere baieztatu egin du sozialistak egiaztatzaileen taldeko kideekin bildu direla, ''ETAk disolbatu behar duela'' helarazteko. Gai hauetan ''zuhurtziaz'' jokatu behar dela esan du Mendiak ere.
''Pauso guztiak ongietorriak izango dira''
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak jakinarazi duenez, ''normalizazioa eta bizikidetza'' alorretan egiten diren urrats guztiak ''ongietorriak izango dira''.
''Batasunaren inguruak kontratatu ditu bitartekariak''
Iñaki Oyarzabal Euskadiko Alderdi Popularreko idazkari nagusiak ere nazioarteko ikuskatzaileek Euskal Herrira egin duten bisita izan du hizpide gaur. Horren hitzetan, “Batasunaren inguruak kontratatu ditu nazioarteko bitartekariak, ezker abertzalearen estrategiari estaldura mediatikoa emateko”. Popularraren iritziz, ikuskatzaileak “ETA pausoak ematen ari dela ikusarazten saiatuko dira”. “PPren helburua ETA betiko desegitea da”, gaineratu du.