Politika -
Bakegintza
Egiaztatzaileak alderdiekin eta sindikatuekin biltzen hasi dira
Gonbidapenari uko egin dioten alderdi bakarrak PP eta UPyD izan dira. Egiaztatzaileen inguruko iturrien arabera, ''ez da garrantzizko iragarpenik egongo''.
Erredakzioa
Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideek bilera-sorta abiatu dute gaur goizean Bilbon, alderdi politikoetako, sindikatuetako eta eragile sozialetako ordezkariekin.
Hitzorduen inguruko iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, egiaztatzaile taldeko sei kideak atzo heldu diren gurera, eta asteazkena arte izango dira Bilbon. Iturri horien arabera, ETAk indarkeria bukatzeko konpromisoari eusten diola baieztatuko dute egiaztatzaileek alderdi eta talde ezberdinekin egingo dituzten bileretan, baina ''berrikuntza garrantzitsurik gabe''.
Ildo horretan, ''ez da garrantzizko iragarpenik egongo'', talde horren gertuko iturriek Europa Press agentziari jakinarazitakoaren arabera.
Izan ere, azken asteotan ETAk desarmatzearen inguruan pausoak eman ditzakeela aurreratuz hainbat alderdik informazioak kaleratu dituzte. Era berean, zenbait hedabidek zabaldu du egiaztatzaileak ETAko buruzagiekin bildu direla Norvegian.
Laugarrenez Euskadin
Ram Manikkalingam buru duen taldea laugarren aldiz dago ofizialki Euskal Herrian, 2011ko irailaren 18an egiaztatzaile batzordea sortu zenetik. Lehenengo bidaian taldearen berri eman ostean, batzordeko ordezkariak beste bitan izan dira Euskal herrian: 2012ko urtarrilaren 25ean eta 26an eta maiatzaren 3an eta 4an.
Talde osoaren bidaia horiez aparte, Ram Manikkalingamek beste harreman politiko batzuk izan ditu, baina isilpean gorde dituzte.
PPk eta UPyDk uko egin diote
Beste batzuetan gertatu den moduan, Batzordeko kideek alderdi politikoetako, sindikatuetako eta enpresetako ordezkariekin dituzte gaur hitzorduak. Elkarrizketak taldeka egingo dituzte Bilbon. Ofizialki baieztatu ez duten arren, baliteke bileren ostean agerraldi publikoa egitea elkarrizketetan parte hartu duten eragile guztiekin.
Euskal panorama politikoan PP eta UPyD izan dira taldearekin hitz egiteari publikoki uko egin dioten bakarrak, ez baitute Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearen zilegitasuna aintzat hartzen.