Politika -
Epaiketa Parisen
ETA: 'Sentitzen dugu herritarrei egindako kaltea'
ETAk aitortu egin du "gatazkarekin zerikusirik ez duten herritarrei" eragindako kaltea, Garikoitz Aspiazu 'Txeroki'k irakurritako adierazpen batean.
Erredakzioa
Garikoitz Aspiazu Txeroki ETAko ustezko buru ohiak adierazpen bat irakurri du gaur erakunde armatuaren izenean, Parisen abiatutako epaiketa batean, eta, horretan, "gatazkan inolako ardurarik izan gabe, ETAren ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan diren herritar guztiei" eragindako kaltea "sentitzen" duela esan du talde armatuak.
Parisko auzitegi batek ETAren talde militarreko ustezko 10 kideren aurka abiatutako epaiketa baten baitan irakurri du adierazpena Txerokik.
Aspiazu ez ezik, ETAko beste hiru ustezko buru ere eseri dira akusatuen aulkian: Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi eta Mikel Carrera.
Gainerako auzipetuak honakoak dira: Ohian Barandilla, Alaitz Aramendi, Ander Mugika, Iñaki Iruretagoiena, Aitzol Etxaburu eta Itziar Plaza.
Hain zuzen ere, 2007. urteko abuztuan sendi bereko hiru pertsona bahitzea egotzi diete, ibilgailua ostu eta ondoren Castellon atentatua egiteko.
"Hemen aipatuko diren gertakarietan Orioko familia batek bere burua inplikatua ikusi zuen, beraiek hala erabaki gabe. [...] Eragin ahal izan zaien kaltea sentitzen duela esan nahi die ETAk Orioko herritar hauei. Hitzok zabal daitezke, hauek bezala, gatazkan inolako ardurarik izan gabe, ETAren ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan diren herritar guztiei", esan du ETAk, hain justu, Txerokik irakurritako adierazpenean.
ETAren esanetan, "urte luzez gudu-zelaian borrokatu dugu. Denbora gehiegi, sufrimendu gehiegi, eman diezaiogun, bada, elkarrizketari aukera".
Aspiazuk ETA Espainiako eta Frantziako gobernuekin desarmatzeari buruz hitz egiteko prest dagoela nabarmendu du, eta batik bat "Frantziako Gobernuari konponbidean murgiltzeko deia berretsi" dio.
Ezker abertzalearen erreakzioa
Xabi Larralde, Maribi Ugarteburu eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak epaiketan izan dira, eta Txerokik egindako adierazpena "oso garrantzitsua eta oso positiboa" dela adierazi dute, ETAren izenean eginda baitago.
''ETAk gaitasun operatibo garrantzitsua izaten jarraitzen du''
Terrorismoaren kontrako zerbitzu frantsesen hitzetan, ETAk ''gaitasun operatibo garrantzitsua'' izaten jarraitzen du. Horren asmo zehatzak zeintzuk diren jakin ez dakitela aitortzen duten arren, ETAk egindako iragarpenaren eta Frantzian mantentzen duen jarreraren artean ''kontraesanak'' daudela uste dute.
Stéphane Durey Terrorismoaren Kontrako Zuzendaritzaordeko kideak egin ditu adierazpen horiek, epaiketan zehar. Dureyk emandako datuen arabera, ETAk ''zenbait gotorleku ditu oraindik Frantzian'', eta, erabili ez duen materialaren artean, honakoa: ''250 arma, 28.000 matrikula, 700 kilo aluminio-hauts, eta lehergailuak egiteko ehunka kilo beste osagai''.
ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzeko egin zuen iragarpena Frantzian ez duela errespetatu esan du Durayk, ''lapurretak eta ekintza armatuak egiten jarraitu dutelako''.