Politika -
Elkarrizketa
Txarli Prieto: 'Erakundeak dira ETAren egiaztatzaileak'
Arabako sozialisten idazkari nagusiak esan du ez dakiela nolako harremana izaten den nazioarteko egiaztatzaileekin.
Erredakzioa
Txarli Prieto Arabako sozialisten idazkari nagusi hautatu berriaren hitzetan, "erakundeak, gobernuak, Espainiako Estatuko segurtasun indarrak eta justizia dira ETAren amaieraren egiaztatzaileak".
'Egun on Euskadi' saioan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, gizarteak nahikoa tresna ditu ETAren amaierari eta desarmatzeari aurre egiteko.
Horren ustez, "beste zenbaitek" uste dute Ram Manikkalingamek zuzendutako nazioarteko egiaztatzaile taldeak "funtzio bat duela eta bitartekari gisa jardun behar duela". "Egin behar badute, egin dezatela, baina guk ez diegu hori egiteko eskatu", gaineratu du.
Prietok ez daki nolako harremana izaten den nazioarteko egiaztatzaileekin, baina "zenbaitetan diplomazia hutsa izan ohi da".
Desarmatzearen aurretik, "positiboa" litzateke, Txarli Prietoren ustez, ETAk bere armen zati bat ematea. "ETAri ez diogu ezer zor, ezta inolako aitortzarik ere. ETAk zorigaitza ekarri du herri honetara", gaineratu du.