Politika -
Arabako PSE-EE
Txarli Prieto idazkari nagusi berrautatu dute, % 58ko babesarekin
Prietok 53 boto lortu ditu, eta Alonso sektore kritikoko liderrak, berriz, 38. Horrez gain, militante batek boto zuria eman du.
Erredakzioa
Txarli Priero Arabako PSE-Eeko idazkari nagusi hautatu dute berriro, militanteen % 58aren babesarekin. Duela lau urte botoen % 97,5 lortu zuen, baina orduan ez zegoen sektore kritikorik.
Bestalde, Prietorekin kritikoa den sektoreko Juan Carlos Alonso Gasteizko zinegotziak botoen % 41 lortu du. Guztira, 92 ordezkari bildu dira Gasteizko hotel batean, Arabako PSE-EEren zazpigarren Kongresuan.
Prietok 53 boto lortu ditu, eta Alonso sektore kritikoko liderrak, berriz, 38. Horrez gain, militante batek boto zuria eman du.
Beraz, Prietok Arabazo sozialisten artean zuen lidergoari eutsi dio, baina aurreko bi hautaketa prozesuetan baino babes txikiagoa lortuta.
Biltzarra ETAko biktimen omenaldi batekin hasi da, zehazki, Fernando Buesa lurraldeko idazkari orokor zenaren omenaldiarekin, Jorge Diaz bizkartzainarekin batera hil baitzuten 2000. urteko otsailaren 22an.
Pastor, Bizkaiko PSE-EEren idazkari orokorra
Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEren idazkari orokor gisa berrautatu dute, botoen % 76,88rekin.
Pastorren hautagaitzak aldeko 153 boto izan ditu eta 46 ordezkari abstenitu egin dira. Bestalde, ebazpen politikoa aho batez onartu dute.
Bizkaiko sozialisten idazkari orokorra 200 ordezkarik baino gehiagok aukeratuko dute EHUko Bizkaia Aretoan egingo duten batzarrean. Jose Antonio Pastor da hautagai bakarra eta beraz, Bizkaiko PSE-EEren idazkari orokorra izango da.
Lau urterako berrautatu dute, nahiz eta babesa galdu duen; izan ere, aurrekoan bozen % 94 eskuratu zuen.
Berrikuntza, Mikel Torres Portugaleteko alkatea idazkariorde gisa hautatu dutela izan da. Melchor Gil Patxi Lopez lehendakariaren koinatua ordezkatuko du, politika uztea erabaki baitu.
Bizkaiko PSE-EEren zuzendaritzako beste kideek karguei eutsi diete; Iñaki Egaña antolakuntzarako idazkari bezala eta Begoña Gil idazkari instituzional gisa.
Azkenik, lurralde batzordeko kideak murriztea adostu dute. Orain arte 34 kide ziren eta gaurtik aurrera 27 izango dira.
Arriola, Gipuzkoako idazkari orokorra
Bestalde, Gipuzkoako sozialistek aho batez hautatu dute larunbat honetan Iñaki Arriola idazkari orokor gisa.
Ordezkarien % 100k bozkatu du Arriolaren izendapenaren alde. "Egungo egoeran, gertaera historikoa da", esan zuen Arriolak berrautatua izan bezain laster. "Orain alderdiaren erronka 2015eko udal eta foru hauteskundeak irabaztea izango da".
Lurralde batzarrekin, lehengo astean Patxi Lopez idazkari orokor gisa hautatu zuten PSE-EEren VII Batzarrean hasitako prozesua amaitutzat emango da.