Politika -

PSE-EEren lurralde batzarrak

Pastor Bizkaiko PSE-EEren buruzagi berrautatu dute, % 76ko babesarekin

Bestalde, Arabako kritikoak Txarli Prietoren ildo ofizialarekin lehiatuko dira arabar sozialisten kongresuan.

Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEren idazkari orokorra. EFE
Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEren idazkari orokorra.
PSE-EEk zuzendaritza berria aukeratzeko prozesua amaitu du

1:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEk lurralde batzarrak egin ditu asteburuan, zuzendaritzak eta datozen urteetarako lan ildoak aukeratzeko. Araban, kritikoek beste hautagaitza bat aurkeztu dute.

Gasteizko Ciudad de Vitoria hotelean egiten ari dira batzarra, eta bi hautagaitza dituzte aukeran. Batetik, Txarli Prieto egungo idazkari orokorra, eta bestetik, Juan Carlos Alonso Arabako PSE-EEren ildo berritzaileen burua.

Radio Euskadiko elkarrizketa batean, Prietok hartuko diren "erabakiei" men egingo diela eta ordezkariekiko konfiantza duela esan zuen atzo.

Txarli Prietok eta Juan Carlos Alonsok goizean aurkeztu dituzte ofizialki euren hautagaitzak.

Biltzarra ETAko biktimen omenaldi batekin hasi da, zehazki, Fernando Buesa lurraldeko idazkari orokor zenaren omenaldiarekin, Jorge Diaz bizkartzainarekin batera hil baitzuten 2000. urteko otsailaren 22an.

Pastor, Bizkaiko PSE-EEren idazkari orokorra

Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEren idazkari orokor gisa berrautatu dute, botoen % 76,88rekin.

Pastorren hautagaitzak aldeko 153 boto izan ditu eta 46 ordezkari abstenitu egin dira. Bestalde, ebazpen politikoa aho batez onartu dute.

Bizkaiko sozialisten idazkari orokorra 200 ordezkarik baino gehiagok aukeratuko dute EHUko Bizkaia Aretoan egingo duten batzarrean. Jose Antonio Pastor da hautagai bakarra eta beraz, Bizkaiko PSE-EEren idazkari orokorra izango da.

Lau urterako berrautatu dute, nahiz eta babesa galdu duen; izan ere, aurrekoan bozen % 94 eskuratu zuen.

Berrikuntza, Mikel Torres Portugaleteko alkatea idazkariorde gisa hautatu dutela izan da. Melchor Gil Patxi Lopez lehendakariaren koinatua ordezkatuko du, politika uztea erabaki baitu.

Bizkaiko PSE-EEren zuzendaritzako beste kideek karguei eutsi diete; Iñaki Egaña antolakuntzarako idazkari bezala eta Begoña Gil idazkari instituzional gisa.

Azkenik, lurralde batzordeko kideak murriztea adostu dute. Orain arte 34 kide ziren eta gaurtik aurrera 27 izango dira.

Arriola, Gipuzkoako idazkari orokorra

Bestalde, Gipuzkoako sozialistek aho batez hautatu dute larunbat honetan Iñaki Arriola idazkari orokor gisa.

Ordezkarien % 100k bozkatu du Arriolaren izendapenaren alde. "Egungo egoeran, gertaera historikoa da", esan zuen Arriolak berrautatua izan bezain laster. "Orain alderdiaren erronka 2015eko udal eta foru hauteskundeak irabaztea izango da".

Lurralde batzarrekin, lehengo astean Patxi Lopez idazkari orokor gisa hautatu zuten PSE-EEren VII Batzarrean hasitako prozesua amaitutzat emango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea