Politika -
Logroñon
Bateragune auzian zigortutakoak aske uzteko elkarretaratzea deitu dute
Jonan Fernandez Jaurlaritzaren Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusiarekin bilera eskatuko dute, "injustizia honen irtenbideari lehentasuna emateko".
Erredakzioa
"Arnaldo Askatu, Politika Askatu" plataformak eta Bateragune auzian zigortutako bost lagunen senitartekoek elkarretaratzea deitu dute datorren martxoaren 2an, Logroñoko espetxean, zigortutakoen askatasuna eskatzeko.
EH Bildu, ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Joan Tardak (ERC), besteak beste, dagoeneko atxikimendua azaldu dute.
Camino Saiz eta Asier Zengoitiak prentsaurrekoa eman dute Donostian elkarretaratzearen berri emateko. 12:00etan egingo dute eta Errioxako Gobernuak dagoeneko baimena eman duela azaldu dute.
Protesta horretaz gain, "esku artean beste proiektu" batzuk dituztela azaldu dute. Horien artean, Jonan Fernandez Jaurlaritzaren Bakegintzarako eta Bizikidetzarako idazkari nagusiarekin bilera eskatuko dute, "injustizia honen irtenbideari lehentasuna emateko".
Bateragune auzian zigortutakoen "senitarteko eta lagun gisa, berehala aske uzteko" eskaera egin dute eta presoak hurbiltzea eta gaixo daudenak aske uztea eskatu dute.
"Bakearen eta normalizazio politikoaren prozesuan gizarte guztiaren parte hartzea beharrezkoa da, horien artean, Soniarena, Rafarena, Mirenena, Arnaldorena eta Arkaitzena", aldarrikatu dute.