Politika -
Donostian
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi hautatu dute berriro
Arriolak babesen % 100 jaso du Donostian 'Etorkizunerako ideiak' lelopean izandako VII. Ohiko Batzarrean.
Erredakzioa
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi hautatu dute berriro Donostian 'Etorkizunerako ideiak' lelopean izandako VII. Ohiko Batzarrean. Arriolaren hautagaitzak babesen % 100 jaso du.
Alderdi sozialistak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hautagaitza bakarra izan da, Arriolarena, alegia. Alderdi horren Estatutuen arabera, Batzarrean izandako ordezkarien % 25k babestu du Arriolaren hautagaitza, beraz, hura aurkezteko aukera izan du. Bozketaren ondorioz, ordezkarien % 100k Arriolaren izendapenaren alde bozkatu du.
"Egungo egoeran, gertaera historikoa da", esan du Arriolak. "Orain alderdiaren erronka 2015eko udal eta foru hauteskundeak irabaztea izango da, eta horrela helarazi behar diezue Gipuzkoako elkarte sozialistei", esan die ordezkariei. Arriolaren esanetan, "irabazteko grina izan behar dugu". Halaber, kide sozialistekin lan egingo duela iragarri du, "egungo garaia gainditzeko eta datozen hauteskundeetan alderdi erabakigarria izateko".