Politika -

Bilera sorta

Ortuzar: 'EAJ tematu egingo da aurrekontuak adosteko'

Oposizioko alderdiei ''erantzukizuna eta eskuzabaltasuna'' eskatu dizkie Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariarekin egin duen bileraren ondoren.

Iñigo Urkulluk Andoni Ortuzarrekin itxi du bilera-sorta

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak esan duenez, EAJ ''tematu'' egingo da 2013ko Aurrekontuak adosteko eta kontu horietan zerbitzu publikoak bermatzeko.

Ildo horretan, jeltzaleak ''negoziaziorako eta adostasunerako prest'' daudela adierazi du Ortuzarrek, eta ''jarrera berdina'', ''erantzukizuna''  eta ''eskuzabaltasuna'' eskatu dizkie gainerako alderdiei. ''Denon laguntza izango da ongietorria'', gaineratu du. Hala, EAJk ''akordio asko'' lortzea espero duela esan du Ortuzarrek, ''alderdi guztiekin ez bada, gehienekin''.

Iñigo Urkullu lehendakariarekin batzartu da EAJko presidentea, lehendakariak Legebiltzarreko alderdi guztiekin egin berri duen bilera-sortaren baitan. Horietan azkena izan da Urkulluk Ortuzarrekin egin duena.

Ia ordu eta erdi egon dira batzartuta, eta, jarraian eskaini duen prentsaurrekoan, EAJko presidenteak ez du hitzordu horren edukien xehetasunen berri eman.

Jaurlaritzak martxoaren 12an aurkeztuko duen aurrekontuen proiektuaren harira, Ortuzarrek gogoratu du 1.200 milioi gutxiago izango dituela, ''datu objektibo bat'', horren hitzetan. Orduan emango dute jakitera arlo bakoitzari dagokion zenbatekoa.

"Dudarik ez daukat lehendakariak ahalik eta aurrekontu onenak aurkeztuko dituela'', esan du. Halaber, ziur da ''egungo krisi ekonomikoa leuntzen'' eta ''oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzen'' lagunduko dutela, hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoei lotuta.

Hala erantzun die Ortuzarrek gainerako alderdiek murrizketen inguruko ''informazio faltagatik'' egindako kritikei. "Aurrekonturik izango ez lukeena ez da Eusko Jaurlaritza, Euskadi bera eta euskal gizartea baino'', esan du, kontuak onartu ezinak eragingo lukeen egoeraz.

Proposamen fiskalak

EAJk gainerako alderdiei erreforma fiskala abiatzeko asmoarekin proposamen fiskalekin helarazitako dokumentua dela-eta, Ortuzarrek aitortu du ''jarrera ona'' aurkitu dutela beste alderdietan, baina bilera gehiago beharko direla neurri horiek adosteko.

Rajoyren Gobernuaren murrizketak

Bestalde, Rajoyren murrizketei aurre egiteko ''beligerantzia'' eta borondate faltaren inguruan EH Bilduk eta PSE-EEk lehendakariari egindako kritikei erantzunez, Ortuzarrek esan du urteotan jeltzaleak izan direla autogobernua defendatu duten bakarrak. ''Batzuetan bakartasunik gordinean'', gaineratu du jeltzaleak, ''ezker abertzalea ilargira adi zegoelako eta sozialistak Madrilen Gobernuan edo PPrekin batera autogobernuaren kontra botoa ematen ari zirelako''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea