Politika -

Elkarrizketa

Mintegi: 'Jaurlaritzak Rajoyren murrizketak ezartzeko asmoa dauka'

Lehendakariak EAEko aurrekontuaren edukia ezagutarazi gabe jarraitzen duela deitoratu du Laura Mintegik. "Kezkagarriena Madriletik ezartzen dena onartzeko borondatea dagoela da", erantsi du.

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB
Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB
Mintegi, Jaurlaritzaren murrizketez, Euskadi Irratian

0:39

G. Palacios

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearen iritzian, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak erabakitako neurriak ezartzeko borondatea dauka. "Madriletik datorrena hemen onartzeko asmoa dagoela ikusten dugu eta hori da kezkagarriena", adierazi du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

EH Bilduk EAEko aurrekontuak onartuko dituen galdetuta, Mintegik esan du  ezin dutela ezagutzen ez duten gauza bat onartu. "Oraindik ez dituzte aurrekontuaren xehetasunak jakinarazi, dakigun gauza bakarra da guraizeak prest dituztela", esan du.

"Guk aurrekontuak onartzeko aurrekontu horiek politika sozialei zuzenduta egon behar dira. Pertsonei zuzendutako plan bat behar da, baina ez dago inolako egitasmorik. Alderantziz, politika sozialak murriztea oraingoz agerian utzi duten plan bakarra", azaldu du.

"Murrizketak egin behar direla uste badute, non eta zer irizpideren arabera egingo duten azaldu behar dute. Madriletik datorrenari baiezkoa edo ezezkoa emango dioten argitu behar dute. Ezezkoaren alde egingo badute, jarrera hori nola gauzatu nahi duten argitu behar dute: Jaurlaritzak bakarrik edo denok elkarrekin", azpimarratu du.

Fiskalitatea

Fiskalitateari dagokionez, eredu berri bat beharrezkotzat jo, errenta aberatsek gehiago ordain dezaten eta horrela "politika sozial justuak" lortzeko.

"Jakin badakigu garaiak oso zailak direla eta diru-sarrerak beherak egin duela, baina beste politika bat posible da eta hori landu behar da. Lehentasunak argi izan behar dira, helburuak zehaztu eta ondoren bidea jorratu", adierazi du.

Bakegintza

Bestalde, bakegintzarako eta bizikidetzarako Legebiltzarrean osatuko den lantaldeari buruz galdetuta, EAJk, PSEk eta EH Bilduk testu bat adostuta dutela jakinarazi du. "Adierazpena sinplea da: elkarren artean, mahai berean eserita, hitz egiten hasteko borondatea erakusten du, inolako aurrebaldintzarik ezarri gabe".

Ildo horretan, EH Bilduk ontzat ematen du Alderdi Popularra ere mahai horretan egoteko PSE egiten ari den lana.

EH Bildu eta PPren arteko harremanari dagokionez, aurrebaldintzak denok jarri ditzaketela, baina horrela aurrera egitea ezinezkoa dela nabarmendu du Mintegik. "Guk ere esan diezaiokegu PPri: legea aplikatu arte ez dugu zuekin hitz egingo. Baina ausartak izan behar gara eta bakegintza helburu bilakatu, justizian oinarritutako bakea lortzeko", erantsi du.

Iñigo Urkulluk presoen auzian diskrezioz lan egiten ari dela adierazi zuela eta, Mintegik ondokoa esan du: "Presoen inguruan edo beste edozein gaitan lan diskretua egitea beharrezkoa da, baina horrek ez du bestea kentzen. Jendeak jakin behar du zertan ari garen. Hori esanda, Urkulluk ekarpenik egin duen edo ez, ez dakit".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea