Politika -

Bilera erronda

Urkullu Lopezekin eta Mintegirekin bilduko da, bilera-sortaren baitan

EH Bilduk eta PSE-EEk ohartarazi dutenez, murrizketarik egonez gero ez dituzte Jaurlaritzaren Aurrekontuak onartuko.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur emango dio amaiera egoera politikoaz eta ekonomikoaz hitz egiteko Legebiltzarreko alderdi politikoekin hasi zuen bilera-sortari. Astearte honetan, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiarekin eta Laura Mintegi Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk duen bozeramailearekin bilduko da. Sozialistek eta koalizio abertzaleko ordezkariek ohartarazi dutenez, murrizketarik egonez gero, ez dituzte Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuak babestuko.

Bilera horietan legegintzaldiko erronken gaineko akordioak lortu nahi ditu: krisi ekonomikoa, Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuak, fiskalitatea, bakea eta bizikidetza eta autogobernua.

Otsailaren 5ean, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearekin batzartu zen lehendakaria, eta hilaren 9an Antonio Basagoiti popularrarekin. Gaur 16:30ean elkartuko da Patxi Lopez Euskadiko sozialisten idazkari nagusiarekin, eta bi ordu geroago Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailearekin.

Sozialistek jakinarazi dutenez, ideia bat garbi dute bilera honen atarian: osasun, hezkuntza eta gizarte politiketan murrizketarik izanez gero, ez dituzte Aurrekontuak babestuko. EH Bilduk Madrildik datozen murrizketei aurre egiteko eskatuko dio lehendakariari.

Bileren ostean, kazetarien aurrean hitz egingo dute Patxi Lopezek, Laura Mintegik eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Iñigo Urkullu lehendakaria bihar Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin batzartuko da, eta ostegunean alderdi politikoekin egindako bilera-sortaren balorazioa egingo du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea