Politika -
Ustelkeriaren aurkako borroka
Enpresek alderdiei dirua ematea debekatzea proposatu du Rubalcabak
Bestalde, ustelkeria kasuak Auzitegi Nazionalak ikertzea proposatu du PSOEren idazkari orokorrak.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari orokorrak ustelkeria ekiditeko hainbat proposamen egin ditu; bestek beste, enpresek alderdi politikoei dirua emateko aukera debekatzea eta finantziazio irregularrarekin lotutako enpresek administrazioarekin kontratu ahal ez izatea proposatu du.
PSOEren buruzagiak lau neurri iragarri ditu euskal sozialistek Bilbon egin duten VII. Biltzarrean.
Batetik, pertsona juridikoek alderdi politikoei dirua emateko aukera debekatzea. Norbanakoek ideologiagatik dirua eman dezaketela onartu du, baina enpresek interesagatik egiten dutela adierazi du.
Bestalde, ustelkeria kasuekin lotutako enpresei edozein administrazio, erakunde edo enpresa publikoekin kontratatzeko aukera kentzea proposatu du, betiere arduradunen zigorrak irauten duen bitartean.
Ustelkeriaren Aurkako Bulego bat eratzearen alde ere egin du, Espainiako sektore publiko guztian jarduteko ahalmenarekin. Herriko administrazioetan esku hartzeko gaitasuna ere izatea proposatu du eta autonomia izango lukeen arren, Gobernuaren presidenteordetzaren menpe egongo litzakeela azaldu du.
Azkenik, ustelkeria politikoarekin lotutako delituak Auzitegi Nazionalak ikertzea eta epaitzea proposatu du Rubalcabak.
Barcenas auzia
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Errenta eta Ondasunen aitorpena argitara ateratzearen aurka ez duela ezer adierazi du POEren idazkari orokorrak, baina "hori ez da gaia", zehaztu du. "Nahi badu, egin dezala, eta gainera, ez zaio batere gaizki joan urte hauetan guztietan zehar", esan du, "baina gaia, Luis Barcenas PPko diruzain gisa egon den 20 urteetan izandako finantziazio irregularra azaltzea da".
Halaber, Luis Sepulveda Ana Mato ministroaren senar ohiak jasotako opariak izan ditu hizpide. "Hori egiaztatzeko, inori ez zaio bururatu Sepulvedaren errenta-aitorpena eskatzea, opari horiek ez daudelako bertan", azpimarratu du. "Poliziak dioenez, Sepulveda alkategaia izateko kanpaina Correak ordaindu zuen", esan du.
Ildo honetan, "krisi politiko eta morala" dagoela onartu du eta espainiarrek Barcenasen diruarekin zer pasatu den jakitean amaituko dela ondorioztatu du.
Lan erreforma
Azkenik, boterera iritsitakoan egingo duten lehen gauza egungo lan erreforma bertan behera uztea izango dela iragarri du, "kaleratzeak merkatu eta bi milioi lagun hitzarmenik gabe utzi dituelako".