Politika -

Bilbon

PSE-EEk Zuzendaritza Batzorde berria onartu du % 71,4ko babesarekin

Jesus Eguiguren presidente gisa, Idoia Mendia bozeramaile bezala eta Rodolfo Ares Antolakuntza idazkari gisa, Patxi Lopez idazkari orokorraren Zuzendaritza batzordearen ardatza izango dira.

Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia, VII. Kongresuan.Argazkia: EFE
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia, VII. Kongresuan.Argazkia: EFE
Mendia, Ares eta Eguiguren izango dira PSE-EEren erdigunea

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEren osoko bilkurak Patxi Lopez idazkari orokorrak proposatutako Zuzendaritza Batzorde berria onartu du, aldeko 257 botorekin, 100 zurirekin eta baliogabeko boto bakarrarekin; guztira, % 71,4ko babesa lortu du.

Batzorde berriak kide gutxiago izango ditu, zehazki 38 kidetik 22ra pasatuko da. Jesus Eguigurenek presidente gisa jarraituko du Idoia Mendia zuzendaritza taldean sartuko da Partaidetzako idazkari bezala.

Bestalde, PSE-EEren osoko bilerak batzorde organikoaren eta politikoaren irizpideak onartu ditu bozen % 94ko babesarekin.

Idoia Mendiak defendatu duen batzorde txostengile politikoak 806 zuzenketa izan ditu eta horietatik 630 onartu dira aldeko 251 bozekin (% 94), 8 abstentziorekin eta kontrako 8 botorekin.

Halaber, Mikel Duranek azaldu duen batzorde txostengile organikoak aldeko 212 boto (% 91,3), kontrako 11 eta 4 abstentzio jaso ditu.

22 kideko Zuzendaritza

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiak amaituko du gaur Bilbon egiten ari diren VII. Batzordea. Lopezek berrikuntzaren eta esperientziaren alde egin du Zuzendaritzan, eta PSE-EEtik "murritzagoa eta eraginkorragoa" dela esan dute.

Zuzendaritza berriak 22 kide izango ditu eta idazkaritzak 23 izatetik 12 izatera pasatuko dira. Zuzendaritza berrian 12 gizonezko eta 10 emakumezko egongo dira, 14 jada bertako kideak ziren eta 8 berriak izango dira.

Jesus Eguigurenekin (presidentea) eta Patxi Lopezekin (idazkari orokorra) batera, Rodolfo Ares (Antolakuntza idazkaria), Idoia Mendia (Partaidetza eta bozeramailea), Enrique Ramos (Politika Instituzionala), Alexia Castelo (Enplegua eta Industria), Javier Lasarte (Ekonomia), Vicente Reyes (Politika Publikoak), Maite Berrocal (Berdintasuna), Blanca Roncal (Administrazioa) eta Natalia Rojo (Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Gizarte Mugimenduak) egongo dira.

Idazkaritzei dagokienez, Cristina Gonzalez, Jesus Zaballos, Ekain Rico, Miguel Buen, Arritxu Marañon, Miren Gallastegui, Txema Oleaga, Patxi Lazcoz, Fernando Farias eta Azahara Dominguez egongo dira.

Pastor, Arriola eta Prieto, Zuzendaritzatik at

Euskal sozialismoaren izen nabarmen batzuk Zuzendaritza berritik at geldituko dira; horien artean Jose Antonio Pastor bizkaitarra, Iñaki Arriola gipuzkoarra eta Txarli Prieto arabarra nabarmendu behar dira. Halaber, Alfonso Gil aurreko Antolakuntza idazkariak ere kargua utziko du, Bilboko Udaleko lanari ekingo ziola iragarri ostean.

Bestalde, Eduardo Madina diputatua, Javier Rojo Senatuko presidente ohia, Manuel Huertas eta Arantza Mendizabal ere PSE-EEren Zuzendaritzatik aterako dira, baita Mikel Torres, Tontxu Rodriguez, Carlos Totorika eta Jose Antonio Santano alkateak ere.

Patxi Lopez, idazkari nagusia

PSE-EEren VII. Kongresuak Patxi Lopez berriro idazkari nagusi gisa hautatu du, botoen %88,95 jasota. Guztira, 326 boto zenbatu dituzte, horietatik 290 Lopezen aldekoak eta gainontzeko 36 zuriak.

Halaber, Batzorde Exekutiboaren kudeaketa txostena onartu dute: aldeko botoak 267 izan dira, 8 kontra eta 41 abstentzio.

Bozketaren ostean, Lopezek "borrokarako" deia egin die militanteei, abertzaleak "Jaurlaritzara bueltatu eta gora etorri direlako" eta eskubia "hainbat urtetan sakrifizio handiz lortutakoa deusezten ari delako".

Errenta aitorpenak

Goizeko hitzaldian adierazi duenez, "fiskalitate bidezkoagoa" egiteko erreforma fiskala abiatuko du Eusko Legebiltzarrak, egungo legealdia amaitu baino lehen, alegia. Halaber, ustelkeriaren aurka borroka egiteko Gardentasun Legea eta kargu publikoaren jarrera arautzeko Legea defendatu ditu Lopezek.

Horren harira, Lopezek esan duenez, 'Barcenas auzia'k "ez du bakarrik PP kaltetzen, sistema demokratiko osoa baizik". Ondorioz, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea kritikatu du, "erantzukizunak hartu ez dituelako eta erruari beti besteati bota diolako".

Halaber, PSE-EEko Zuzendaritza-batzordearen kide guztien errenta-aitorpenak eta alderdiaren diru-sarrerak eta gastuak argitaratzeko proposamena egin du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea