Politika -
Bilbon
PSE-EEk Patxi Lopez idazkari nagusi hautatu du berriro
Lopezek "borrokarako" deia egin die militanteei, abertzaleak "Jaurlaritzara bueltatu eta gora etorri direlako" eta eskubia "hainbat urtetan sakrifizio handiz lortutakoa deusezten ari delako".
Erredakzioa
PSE-EEren VII. Kongresuak Patxi Lopez berriro idazkari nagusi hautatu du, botoen %88,95 jasota. Guztira, 326 boto zenbatu dituzte, horietatik 290 Lopezen aldekoak eta gainontzeko 36 zuriak.
Halaber, Batzorde Exekutiboaren kudeaketa txostena onartu dute: aldeko botoak 267 izan dira, 8 kontra eta 41 abstentzio.
Botazioaren ostean, Lopezek "borrokarako" deia egin die militanteei, abertzaleak "Jaurlaritzara bueltatu eta gora etorri direlako" eta eskubia "hainbat urtetan sakrifizio handiz lortutakoa deusezten ari delako".
Idazkari nagusi berriro hautatua izan eta ondoren egindako hitzaldi laburrean, sozialistek azken urteetan "lortutako gauza guztiak" azpimarratu ditu Portugaletekoak, eta horien artean "Euskadiko Gobernua" aipatu du.
"Abertzaletasun harroputz eta baztertzailearen kontra altzatu gara, Lizarrako akordioa eta Ibarretxeren planarekin gu baztertu nahi gintuena", salatu du.
Halaber, sozialisten militante batentzat idazkari nagusi izatea baino "ohore handiagorik" ez dagoela adierazi du. "Lehendakari izan naiz, baina zuen idazkari nagusia izateak eta bizitza arriskuan jarri duten militanteen ordezkari izateak eragin dit harrotasun gehien", azaldu du Lopezek.
Gainera, botazioan izan duen babes handiak era "harro" sentiarazten duela esan du. Lopezen ustez, PSE-EE alderdi "ezberdina" da, eta sentimentuetatik indarrak atera eta ekimen politikoa bultzatzearen alde egin du.
Goizeko hitzaldia
Goizeko hitzaldian adierazi duenez, "fiskalitate bidezkoago" egiteko erreforma fiskala abiatuko du Eusko Legebiltzarrak, egungo legealdia amaitu baino lehen, alegia. Halaber, Ustelkeriaren aurka borroka egiteko Gardentasun Legea eta kargu publikoaren jarrera arautzeko Legea defendatu ditu Lopezek.
Horren harira, Lopezek esan duenez, 'Barcenas auzia'k "ez du bakarrik PP kaltetzen, sistema demokratiko osoa baizik". Ondorioz, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea kritikatu du, "erantzukizunak hartu ez dituelako eta erruari beti besteati bota diolako".
Halaber, PSE-EEko Zuzendaritza-batzordearen kide guztien errenta-aitorpenak eta alderdiaren diru-sarrerak eta gastuak argitaratzeko proposamena egin du.
PSE-EEren VII. Kongresua hartu du Bilboko Euskalduna Jauregiak, eta 'Etorkizunerako ideiak' lelopean, 400 ordezkari bilduko dira, hitzaldi politiko eta organikoaren 1.400 zuzenketa eztabaidatzeko eta bozkatzeko. Lopezek ohartarazi duenez, egungo agintaldia amaitzean, "zerbitzu publiko gutxiago izango dugu, eta zorra handiagoa izango da".
Parte-hartzaileak
Kongresuaren hasierako minutuetan, David Martinez Notario euskal gazte sozialisten kidea gogoan hartu dute (auto-istripuz hil zen ostiralean). Euskalduna Jauregian, Guillermo Fernandez Extremadurako PSOEko idazkari nagusia, Oscar Lopez PSOEko Antolakuntzarako idazkaria, Txiki Benegas eta Eduardo Madina, besteak beste, izan dira.
Lopezek azken lau urte eskertu ditu, haren esanetan, "historikoak" izan direlako, eta sozialistak "terrorismoarekin amaitzeko eta elkarbizitza sendotzeko gai" izan zirela azpimarratu du. Lopezen ustez, erreforma fiskala "Euskadiko eztabaida politiko eta ekonomiko handia da", eta "hiru urteko zorra" dutela egotzi die EAJri eta PPri. "Jeltzaleen jarrera ez-morala izan da", salatu du Lopezek, "nahi dutena boterea baino ez da, bost axola zaie Euskadi".