Politika -
ETAren amaiera
Urizar: 'ETAk desarmerako pausoak eman arren, ez da amaiera izango'
Ez desarmeak, ezta ETAren desegiteak ere, ez duela gatazkaren amaiera ekarriko ohartarazi du Pello Urizarrek.
Erredakzioa
Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez ETAk desarmerako "pausoak" emango ditu, baina horrek ez duela gatazkaren amaiera ekarriko ohartarazi du "denek bere aldetik jartzen ez badute". Bestalde, Aieteko Konferentziako "agenteen lana zalantzan" jartzeagatik EAJ kritikatu du.
Europa Press agentziari egindako elkarrizketa batean, Eusko Alkartasuneko buruzagiak esan du ETAk "pausoak" emango dituela, "Estatua mugituko ez den arren", baina armak ematea eta desegitea ez dela amaiera ohartarazi du. "ETAk armak ematea ez da amaiera. Nik hori nahi dut, baina ez da amaiera", azpimarratu du.
Legebiltzarkidearen ustez, amaiera "eskubide batzuk dituen eta horiek behin eta berriro ukatzen zaizkion herrialde bat dagoela onartzea" da . Ildo honetan, "norgehiagoka baten aurrean, Estatuak Konstituzioa hartu eta tankeak kalean" jarriko ote dituen galdetu du.
"Hori gatazkaren alde bat ikusi nahi izatea da, ez osotasunean. Horrek horrela jarraituz gero, ebatzi gabeko arazo bat izango dugu; zati bat konponduko da, baina ez dakit berriro bueltatuko ote den", ondorioztatu du.