Politika -
Eusko Legebiltzarra
Mintegi: 'Ez dugu nahikoa sentsibilitate eduki biktima guztiekin'
EH Bilduk gatazka politikoaren konponbidearen gaineko osoko bilkura egitea eskatu du.
Laura Mintegi EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez, alderdi politikoek ez dute "nahikoa sentsibilitate" izan biktima guztiak aitortzeko. Halaber, gatazka politikoaren konponbidea jorratzeko osoko bilkura egitea eskatu du.
Mintegiren hitzetan, "alde bateko eta besteko biktimengandik urrun egon dira alderdi politikoak". "Ez dugu nahikoa sentsibilitate izan biktima guztiak aitortzeko, eta bada garaia jarrerak aldatzeko eta aurrerapausoak emateko", gaineratu du.
Bestalde, gatazka politikoa konpontzeko bidean aurrerapausoak emateko, Eusko Legebiltzarrean horren gaineko osoko bilkura monografikoa egitea eskatu du. Alderdi politikoei bi eskari egin dizkie: eztabaidan beren ekarpenak egiteko eta errespetuz hitz egiteko, inor iraindu gabe.
EH Bilduko ordezkariaren iritziz, osoko bilkura horrek Bakerako eta Elkarbizitzarako taldea edukiz hornitzeko balio beharko luke.
Osoko bilkura monografikoaren helburua ibilbide orria zehaztea litzateke, Laura Mintegiren arabera, eta dokumentuak azkeneko hamarkadetan Euskal Herrian gertaturikoa jasoko luke.
Mintegik iraganera, orainaldira eta etorkizunera begiratzea proposatu du gertaturikoaz memoria egiteko. "Biktimei zor zaiena eman behar zaie: egia eta justizia", gaineratu du.
Orain, bi gairen gainean hitz egin behar da, horren esanetan: kartzela-politikaz eta ETAren desarmeaz.