Politika -
Txosten berriak
Ana Mato ministroa, Gürtel auziko iskanbilaren erdigunean
Gürtel auziko ordainketen garaian, ministroak eta bere senarrak elkarrekiko irabazien erregimenean araututa zuten ezkontza harremana, gaur kaleratutako txosten baten arabera.
Erredakzioa
Gürtel auziaren inguruan kaleratu diren azken txostenek iskanbilaren erdigunean jarri dute Ana Mato Osasun ministroa.
Izan ere, Poliziaren txosten baten arabera, Gürtel ustelkeria sareak Ana Mato ministroari eta haren senarrari, Jesus Sepulveda Alkorkoiko Pozueloko alkate ohiari, bidaia turistikoak, luxuzko artikuluak eta "familiarentzako ekitaldi bereziak" oparitu zizkien, 62.000 euro baino gehiagogatik.
Bestalde, La Voz de Galicia egunkariak jakinarazi duenez, Ana Matok eta bere senarrak elkarrekiko irabazien erregimenean araututa zuten ezkontza harremana, Gürtel auziko ordainketen garaian.
Osasun ministroak dagoeneko ez dagoela ezkonduta esan du beti, baina, aipatu egunkariaren arabera, Mato ez da inoiz dibortziatu. Ez hori bakarrik, ondasunak partekatuta ditu senarrarekin.
Floriano, Gallardon eta Alonso haren alde agertu dira
Carlos Floriano PPko Antolakuntza idazkariorde orokorrak uste du Ana Matok ez duela erantzukizunik Jesus Sepulveda bere senar ohiak egindako ekintzetan. ''Ezin zaio emakume bati bere senarrak egindakoagatik erantzukizuna eskatu'', esan du Florianok. Halaber, Gürtel auziaren inguruan Matori opariak jaso izana egozten dion azken txostenak ''ez du ezer berririk eransten'', haren hitzetan.
Alfonso Alonso PPk Kongresuan duen bozeramailea ere Matoren alde agertu da, eta XXI. mendean ''emakume bati bere senarrak egindakoagatik ordaintzea eskatzea'' kritikatu du.
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroaren ustez, bestalde, Justiziak dagoeneko ebatzi eta artxibatu zituen ekintzengatik ari dira Ana Mato zalantzan jartzen.
Esperanza Aguirre, Ana Mato kargugabetzearen alde
Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidenteak kargutik kenduko zukeen Ana Mato Osasun ministroa, alderdiaren lurralde bilera batean adierazi duenez.
Aguirrek Matoren aurka egin zuen atzo, Madrilgo PPren bilera baten barruan, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. Bilera "tentsio handikoa" izan zela esan ei dute buruzagi batzuek.
Bileran, Aguirrek Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiaren aurka ere egin omen zuen, Gürtel auziaren aurrean erakutsitako jarreragatik.
Batzarraren ostean eskainitako prentsaurreko batean, Esperanza Aguirre zuhurrago agertu zen, eta demokrazia suspertu beharra dagoela adierazi zuen.